'Abiapuntua' saioaren bigarren denboraldia estreinatuko dute gaur

'Abiapuntua' saioaren bigarren denboraldia estreinatuko dute gaur Gorputz ez-normatiboen eta itxuragatik epaitua izatearen inguruan arituko dira lehen atalean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abiapuntua-saioaren-bigarren-denboraldia-estreinatuko-dute-gaur/@@download/image/Abiapuntua2.jpg
2023/03/16
Gorputz ez-normatiboen eta itxuragatik epaitua izatearen inguruan arituko dira lehen atalean.
'Abiapuntua' saioaren bigarren denboraldia estreinatuko dute gaur

Xabier Madariagak aurkeztuko du Abiapuntua programaren bigarren denboraldia ere, eta aurreiritziak kolokan jarri eta horiek apurtzen laguntzea izango dute helburu oraingoan ere. Berrikuntzarik izango da, ordea; astero, sei gazte ezberdin izango dira protagonistak.

Bikoteka gai desberdinekin lotutako errealitateak ezagutuko dituzte eta, norekin egongo diren jakin gabe, galdera-sorta bat erantzungo dute gaiari buruz dituzten aurreiritziak eta pentsamoldeak azaleratzeko. Errealitate hauetan murgildu ostean, sei gazteak Xabier Madariagarekin elkartuko dira eta bizi izan duten esperientzia ikusteko, aztertzeko eta eztabaidatzeko aukera izango dute. Bertan jakingo da gazteen iritziak eta pentsamenduak aldatu diren ala ez.

Arrazakeria, bizitzeko eredu desberdinak, sare sozialak, genero identitatea, eta genero berdintasuna jorratuko dituzte, besteak beste, denboraldi berri honetan. Parte-hartzaileei dagokienez, berriz, honako hauek izango dira batzuk: Maria Blanco, Irune Sorazu, Jasone Alonso, Borja Martinez de Antoñana, Markel Trecet, Madga Adam, Maider Zubiete, Cristian Eyang, Iker Clavero, Mikel Sarrionandia, Andoni Lejardi, Aitor Calzada eta Ines Wolding.

Ostegun gauetan emango dute saioa, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Lehen atala: Gorputz ez-normatiboak
Denboraldi berriko lehen atalean, gorputz ez-normatiboak dituzten hainbat pertsonaren errealitatea ezagutuko dute gazteek. Akondroplasia duen 29 urteko gaztearen eta loditasuna dela-eta bizitzako hainbat esparrutan epaituta sentitu den 25 urteko emakumearen testigantzak jasoko dituzte. Horrez gain, ezkerreko besoa ondo garatu ez zitzaiolako berau ebaki behar izan zioten 30 urteko gaztearekin ere izango dira lehen saio honetako protagonistak. Esperimentu baten bitartez, sei gazteek beraien larruan biziko dute zer den itxura fisikoagatik epaitua izatea.