Abian dira XXV. Gazteen Antzerki Topaketak

Abian dira XXV. Gazteen Antzerki Topaketak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abian-dira-xxv-gazteen-antzerki-topaketak/@@download/image/gazteen_antzerk_1367913661.jpg
2013/05/07
berria
Hamalau urtetik 30 urtera bitarteko gazteek osaturiko antzerki talde amateurrak martxan dira dagoeneko, eta urtean zehar landutako obrak taularatzen hasi dira. Hain zuzen, maiatzaren 3an abiatu zituzten XXV. Gazten Antzerki Topaketak Donostian, eta ekainaren 13ra bitarte 16 antzezlan aurkeztuko dituzte hiriko hainbat aretotan.


Bi hamarkada eta erdi igaro dira Gazteen Antzerki Topaketak abiatu zituztenetik, eta geroztik denetariko obra amateurrak aurkeztu dituzte Donostiako aretoetan; maiatza eta ekaina arte eszenikoen hilabeteak bilakatu dira, beraz.

Aurtengoan, hain zuzen, hamasei obra taularatuko dituzte Donostiako eta inguruetako talde amateurrek. Bi kategoriatan banatuta aritzen dira: 14 eta 18 urte bitarteko gazteak Junior kategorian, eta 18 urtetik 30era bitartekoak Senior kategorian. Lehenengoan zazpi antzezlanek hartuko dute parte, eta bigarrenean bederatzik. Era berean, zazpi obra euskarazkoak izango dira, 8 gaztelerazkoak eta bakar bat elebiduna.

Emanaldiak maiatzaren 3an hasi zituzten, eta ekainaren 13ra bitarte luzatuko dira. Lugaritz Kultur Etxean, Antzoki Zaharrean, Gazteszenan eta Kontadoresen aurkeztuko dituzte, eta sarrerak 3 euroren truke eskuratu ahal izango dira. Ikuskizun bikainak, prezio onenean!

Emandli guztien ostean, kategoria bakoitzeko hiruna sari banatuko ditu epaimahaiak, eta irabazleek, diru-sariak eskuratzeaz gain antzerkira joateko sarrerak ere jasoko dituzte. Zorte on denori!

Kartelaren diseinua


Urteurren esanguratsurako kartela egiteko ere, Usandizagako Goi Mailako Heziketa Zikloko Publizitate Grafikoko ikasleen laguntza galdatu dute antolatzaileek, eta aurtengoan Nuria Diego ikaslearen lana izan da aukeratutakoa. Halaber, 57 serigrafia pertsonalizatu egin dituzte sari banaketa egunean banatzeko.