Abian da Soinu Talka proiektua

Abian da Soinu Talka proiektua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abian-da-soinu-talka-proiektua/@@download/image/soinu_talka_1379405483.jpg
2013/09/17
berria
I. Nerbioi Ibaizabal Ideia Lehiaketa antolatu zuen urte hasieran Etxebarriko Udal Gazteria Zerbitzuak, eta Soinu Talka izeneko proiektua suertatu zen garaile. Eskualdeko gazteen aisialdian aukera berri bat eskaini nahi du egitasmoak, eta prestakuntza tailerrak urria eta azaroan egingo dituzte.


Musika, sorkuntza, elkartrukea eta adierazpena dira Soinu Talka proiektuaren oinarriak. Helburua gazteei musika tresna berriak sortzen irakastea da, baita musika elektronikoari buruzko lehen ezagutzak helarazi eta alor horretan muturra sartzen laguntzea ere. Eta beronen atzean Arkaitz Olea Herrero galdakar gaztea dago, I. Nerbioi Ibaizabal Ideia Lehiaketaren irabazlea. Orotara bederatzi proiektu aurkeztu zituzten.

Tailerrak urria eta azaroan eskainiko dituzte eskualdeko bost udalerritan: Etxebarri, Basauri, Arrigorriaga-Ugao, Orozko-Urduña-Arakaldo eta Galdakaon. Bertan parte hartu nahi duten gazteek urriaren 16tik 30era bitarte eman beharko dute izena, eta lehen unean 10 euro ordaindu beharko dituzten arren, sei klasetara joanez gero eta azken ekitaldian parte hartzen badute, kopurua itzuli egingo zaie. Plazak mugatuak izango dira.

Tailerretan bildutako esperientzia eta materialak Sarearen bidez partekatuko dituzte, gainerako gazte eta ez horren gazteek ere informazioa jaso eta ezagutzak eskura ditzaten.

Tailerren egutegia


Galdakao
Urriaren 7tik azaroaren 18ra, astelehenero 19:30etik 21:30era.

Orozko-Urduña-Arakaldo
Urriaren 8tik azaroaren 19ra, asteartero 19:00etatik 21:00etara.

Basauri
Azaroaren 8 eta 9an (ostirala eta larunbata), azaroaren 15 eta 16an (ostirala eta larunbata) eta azaroaren 22 eta 29an (biak ostiralak). Ostiraletako ordutegia 19:00-21:00 bitartekoa izango da, eta larunbatetakoa 11:30-13:30 bitarte.

Arrigorriaga-Ugao
Urriaren 10etik azaroaren 21era bitarte, ostegunero 19:30etik 21:30era.

Etxebarri
Urriaren 16tik azaroaren 27ra bitarte, asteazkenero 19:00etatik 21:00etara.