Abian da Ostegun Bidaiariak lehiaketa

Abian da Ostegun Bidaiariak lehiaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abian-da-ostegun-bidaiariak-lehiaketa/@@download/image/ostegun_bidaiar_1366270085.jpg
2013/04/18
berria
Azken bost urteetan bidaia zoragarri eta merke bat egin baduzu, eta ingurukoei beren udako oporrak antolatzeko proposamena egin nahi badiezu, hauxe duzu aukera: Aretxabaletako Udalak Ostegun Bidaiariak izeneko lehiaketa antolatu du aurten lehen aldiz, eginiko bidaiak konpartitu eta ideiak hartzeko balioko duena.


20 eta 40 urteko gazteei zuzendutako lehiaketa jarri du martxan Aretxabaletako Udalak, Ostegun Bidaiariak. Parte hartzaileek azken bost urteotan egindako bidaia baten 30 eta 60 minutu bitarteko diaporama aurkeztu beharko dute gehienez ere sei laguneko taldeetan; bidaiaren irudiak eta beste hainbat dokumentu grafiko bildu beharko dituzte, eta euskaraz aurkeztu. Halaber, kontutan izan Debagoienan jaio edo bizi diren lagunei zuzendutako lehiaketa dela.

Bidaiaren praktikotasuna, egingarritasuna eta ikus-entzuleekiko hurbiltasuna hartuko dira kontuan, helburua ez baita ikaragarrizko txangoa aurkeztea, hartzaileei ideiak eman eta haiek ere egin ahal izango duten zerbait proposatzea baizik.

Beraz, parte hartu nahi baduzu, bidaiaren laburpena eta argazkiak maiatzaren 3a baino lehen bidali behar dituzu gazteria@aretxabaleta.net helbidera, edo 943 08 10 01 telefonora hots egin dezakezu.

Ondoren, jasotako lan guztien artean epaimahaiak 6 aukeratuko ditu, eta horiexek izango dira maiatzen 16an hasi eta ekainaren 20ra bitarte, ostegunero-ostegunero, herriko hainbat tabernetan aurkeztuko dituztenak.

Ikusleak, epaile
Diaporamak ikusi eta entzutera hurbiltzen diren lagunek erabakiko dute bidaia guztien artean zein den lehiaketako garailea. Horretarako, emanaldi bakoitzaren ostean tabernetan jarriko diren ontzietan beren botoa eman beharko dute, ez beste inon. Aurkezpen guztien ostean, boto zenbaketa egin eta irabazle nor den aditzera emango dute antolatzaileek. Irabazleak 250 euro eskuratuko ditu, 150 euro bigarrenak eta 100 euro hirugarrenak.