Abian da On Zientzia bideo lehiaketaren hirugarren edizioa

Abian da On Zientzia bideo lehiaketaren hirugarren edizioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abian-da-on-zientzia-bideo-lehiaketaren-hirugarren-edizioa/@@download/image/201210237952on_zientzia.jpg
2012/12/13
berria
Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek elkarlanean, zientziaren eta teknologiaren dibulgaziorako III. On Zientzia bideo amateurren lehiaketa antolatu dute. Izena emateko epea zabalik izango da datorren urteko apirilaren 24ra bitarte, eta bideorik onenak 'Teknopolis' telebista saioan emititzeaz gain, diruz sarituko dituzte. Aukera polita zientziaz dakiguna gure ikuspegitik helarazteko.

Askotan pentsatzen dugu zientzia alor konplexu eta gutxi batzuena dela, eta horregatik ez dugu berau ulertzeko saiakerarik ere egiten.

Horregatik, Elhuyar Fundazioak eta DIPC antolatuko On Zientzia bideo lehiaketaren helburua, hain zuzen, publiko guztiek ulertzeko moduko aurkezpen erakargarria egitea da. Zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur eta originala egitea da asmoa, eta gaia erabat askea da: ikerketaren bat har daiteke oinarri moduan, edota gizartean edo komunitate zientifikoan puri-purian dagoen gairen bat; baita zientziaren oinarrizko kontzeptuak edota pertsonaia historikoak ere.

Lehiaketan edonork har dezake parte, bakarka ala taldean, eta izena emateko epea 2013ko urriaren 24ra bitarte dago zabalik. Horretarako, hemen sartu eta inskripzio-fitxa bete beharko dute interesatuek.

Laburra eta originala
Bideoek gehienez ere bost minutuko iraupena izan behar dute, eta originalak, argitaratu gabeak, izan behar dute. Halaber, komenigarria da 16:9 formatuan egitea, horixe baita Teknopolis telebista saioko formatua.

Hala, hainbat pertsonaia ezagunek bere iritziz bideorik txukunenak direnak aukeratuko dituzte hilero urritik ekainera bitartean, eta hautatutako horiek programan emitituko dituzte.

Epaimahaia eta sariak


Epaimahaikideen izenak 2013 hasieran jakinaraziko dituzte, eta haiek hiru sari potolo banatuko dituzte:
  • Dibulgaziozko bideo onenaren lehen saria: 3.000 euro
  • Bigarren saria: 1.500 euro
  • Euskarazko bideo onenaren saria 1.500 euro