Abian da lehen Euslogan Lehiaketa!

Abian da lehen Euslogan Lehiaketa! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abian-da-lehen-euslogan-lehiaketa/@@download/image/euslogan_lehiak_1370503208.jpg
2013/06/06
berria
Abian da lehen Euslogan Lehiaketa!
Publizitate mezu gehienak euskara ez den beste hizkuntzetan jasotzen ditugu egun, ustez, originalagoak eta umoretsuagoak direlako. Sinesmen horri aurre egin eta euskararen erabilgarritasuna agerian uzteko, euskarazko sloganen lehen lehiaketa jarri du abian Donostiako AEKk: Euslogan!


Iriki Atia, Donostiako euskaldun eta euskara ikasleen topalekuaren ekimen gisa, Euslogan Lehiaketa antolatu du hiriko AEKk euskararen erabilera sustatzeko. Esaterako, 18. Korrikako leloa izan zen "Eman euskara elkarri" bezalakoak jaso nahi dituzte antolatzaileek, jendearen arreta pizten duten eta erakargarri diren euskarazko mezu labur eta zuzenak.

Berauek bidaltzeko epea ekainaren 20ra bitarte izango da zabalik, eta noski, sloganek euskara hutsezkoak behar dute izan. Era berean, euskararen erabilera sustatzeko ideia jorratzea da garrantzitsuena, hori baita transmititu beharreko mezua, eta inon argitaratu gabekoak soilik onartuko dituzte. Behin slogana pentsatutakoan, donostia@aek.org helbidera bidali behar duzue, izen-abizenak, herria eta harremanetarako telefono zenbakia erantsita. Hori bai, nahi adina mezu bidaltzeko aukera duzue!

Proposamenak iritsi ahala, Donostiako AEKren blogean zintzilikatuko dituzte, eta euskaltegietako zuzendariek eta komunikazio arduradunek osatutako epaimahaiak hilaren 26an jakinaraziko du irabazlearen izena blogean bertan.

Euskara da saria
"Eta zer eskuratuko du irabazleak?", jakin nahiko duzue… Ba 2013-2014 ikasturtean AEKren Donostiako euskaltegi batean euskara ikasteko doako ikastaroa!