Abian da Hirinet atariak antolatutako lehen Kazetari Gazteak Lehiaketa

Abian da Hirinet atariak antolatutako lehen Kazetari Gazteak Lehiaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abian-da-hirinet-atariak-antolatutako-lehen-kazetari-gazteak-lehiaketa/@@download/image/kazetari_gaztea_1362470850.jpg
2013/03/05
berria
Abian da Hirinet atariak antolatutako lehen Kazetari Gazteak Lehiaketa
Arabako gazteen artean kazetaritza zaletasuna eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz, Hirinet atari digitalak Kazteari Gazteak Lehiaketa antolatu du aurten lehen aldiz. Arabako gertakari baten inguruko idatzizko erreportajea edo bideo-erreportajea egin beharko dute parte hartzaileek, eta irabazleek sari politak eskuratuko dituzte. Animatu!


Geu Elkarteak martxan jarritako Hirinet atari digitalak egitasmo berri bat jarri du abian: Kazetari Gazteak I. Lehiaketa. 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendurik dago, eta kazetaritzaren oinarrizko printzipioak erabiltzera bultzatu nahi ditu Araban suertatutako gertakari baten berri ematerako orduan. Hala, informazio iturriak landuz, eta hizkera eta euskara egokia erabiliz, idatzizko nahiz bideo bidezko erreportaje bat egin dezaten eskatu diete.

Idatzizko erreportajea
Idatzizko erreportajea egitekotan, bakarkako lana egin beharko da. Gutxienez 700 hitz eta gehienez 2.500 izan behar ditu testuak, eta DIN A-4 neurriko eta ordenagailuz idatzitako dokumentuan aurkeztu behar da. Gainera, egileak berak egindako argazkiz lagundurik joan behar du erreportajeak.

Irabazleak e-irakurgailu bat jasoko du, eta bigarren saridunak disko sorta bat.

Bideo erreportajea
Aldiz, bideo erreportajea egin nahi dutenek honako baldintzak bete beharko dituzte: gutxienez hiru minutu eta gehienez hamar minutuko luzera duen bideoa AVI edo mp4 formatuan aurkeztu behar dute, CD edota DVD batean. Eta berau Saretik bidaltzeko —posta arruntetik ere bidal daiteke—, Youtube ala Vimeo atarira igo behar da lehenengo; ondoren, lotura posta elektronikoz helarazi behar zaie antolatzaileei.

Irabazleek —bideoak taldean egin behar baitira— asteburuko txangoa eskuratuko dute, eta bigarren sarituek disko, liburu eta DVD sorta.

Noski, bi kasuetan, proiektuek originalak izan behar dute. Lanak bidaltzeko epea maiatzaren 3ra bitarte izango da zabalik, eta parte hartzaileek beren datuak ere gaineratu beharko dituzte.

Beraz, badakizu gazte: zure kazetaritza dohainak erabiliz, osa ezazu Arabako gertakari bati buruzko erreportajetxoa eta bidal maiatzaren 3a baino lehen erredakzioa@hirinet.net helbidera. Gainera, irabazle suertatzen bazara, saria eskuratzeaz gain zure lana Hirinet atari digitalean argitaraturik ikusiko duzu!

Geu Elkartea


Geu elkartea 1992an sortu zen, GEU aldizkariarekin batera. Gasteizko euskal hiztunen komunitatea indartzea eta hirian gure hizkuntzaren erabilera bultzatzea izan du helburu hasiera-hasieratik, eta pixkanaka, herritarren eta bazkideen laguntzari esker, egonkortasuna lortu du. Gainera, hamaika egitasmo eta proiektu garatu ditu, tartean, Hirinet atari digitala. Bazkide izan nahi baduzu, sartu hemen.