Abian da GOazen Boisera!, blogari gazteentzako lehiaketa

Abian da GOazen Boisera!, blogari gazteentzako lehiaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abian-da-goazen-boisera-blogari-gazteentzako-lehiaketa/@@download/image/kartela_jaialdi_1430910632.jpg
2015/05/06
berria
Erredakzioa @Gaztezulo
Uda honetan Estatu Batuetako euskal diaspora ezagutu nahi duzu? Zer dakizu jatorri euskalduna duten gazteei buruz? Eta Jaialdi deritzon Euskal jaiari buruz? Komunikatzaile trebea zara eta prest zeundeke astebetez Boisen (Idaho) blogari lanetan aritzek, gastuak ordaindurik?

GOazen Boisera lehiaketak Boiseko Jaialdia ezagutu eta bertan gertatzen denaren berri emateko prest dauden bi gazte bilatzen ditu. Gazteen eginkizuna Gazteaukera blogean euskal jai honen berri ematea izango da, batez ere euskaldun jatorriko amerikar gazteen ikuspuntua nabarmenduz.
Parte hartzeko interesa duen orok

Jaialdi izeneko ekimena bost urtetik behin antolatzen dute Boisen (Idaho), eta bertan biltzen diren hainbat Euskal Etxetatik eta munduko bazter ugaritatik etorririko bisitariak. Sei eguneko iraupena du eta euskal giroa nagusitzen da Boiseko kaleetan; bertso saioak, dantzariak, herri kirolak, kontzertuak etb ospatuz.

Aurten uztailaren 28tik abuztuaren 2ra bitarte luzatuko da eta GazteBizhitza orientazio eta aholkularitza  atariak lehiaketa bat jarri du abian 2 gazte bertara bidaltzeko. Gazteen eginkizuna bertako berriemale lanetan aritzea izango da, blogari gisa.

Astebetez Estatu Batuetako Boise hirira joan nahi duen orok ekainaren 4a bitarte du proposamena bidaltzeko aukera. Izena emateko gazteak eta ikasketak, gazteak eta lana, gazteak eta etxebizitza edo aurreko hiruen edozein konbinaketaren inguruko idazlan edo bideo bat bidali behar da, eta partaide guztien artean antolatzaileek bi irabazle aukeratuko dituzte Gazteaukerako blogerako bidaiaren kronika, elkarrizketak, argazkiak eta bideoak grabatzeko.

Lanak nora eta nola bidali?


Idazlanak
    •    Parte hartzeko fitxa (doc, 172 kb) beteta eta idazlana  (Word edo PDF formatuan) gazteaukera@gmail.com helbidera bidali behar dituzu erantsiriko artxibo gisa eta email berean.
    •    GazteBizHitza buletinean harpidetza egin behar duzu.

Bideoak
    •    Bete parte hartzeko fitxa (doc, 172 kb eta bidali gazteaukera@gmail.com helbidera
    •    Bideoak emailez gazteaukera@gmail.com helbidera bidali behar dira zure izen abizenak eta NAN zenbakiarekin mezuan. Bideoaren pisua dela eta bidalketarekin arazorik bazenu, wetransfer, yousendit  edo antzekoren batekin bidali dezakezu zure lana. 
    •    GazteBizHitza buletinean harpidetza egin behar duzu.

Baldintzak


    •    18 eta 30 urte arte izatea uztailaren 28a baino lehen.
    •    Euskal Autonomi Erkidegoan erroldatuak egotea.
    •    Lanak originalak izan behar dira.
    •    Euskaraz eta gazteleraz maila ona izatea, bai idatziz bai ahoz. Ingelesaren ezagutza komunikatzeko (ez da titulurik eskatuko).
    •    Aurkezturiko lan guztiak Gazteaukerako kanal ezberdinetan publikatzeko aukera egongo da, lehiaketaren sustapena bideratzeko.
    •    Aukeratutako 2 gazteek ekimen honetan burutako lanak GOazen Boisera egitasmoan (argazkiak, bideoak eta testuak) Gazteaukera eta GazteBizHitzaren ondare izango dira, lanen autoretza beti ere errespetatuz.
    •    GazteBizHitza buletinean harpidetza egitea.

Ekimenaren sustatzailea


GazteBizHitza, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako zerbitzua da. GazteBizHitza atariak Ikasketak, Lana eta Etxebizitzaren inguruko informazioa eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen ditu gazteentzat. Bertan publikatuta dauden testuak eta bideotutorialak lagungarri izan dakizkizuke zure bizi proiektua garatzeko eta baita lehiaketa honetan parte hartzeko ere.