Abian da Bardoak 2012, Nafarroako taldekako txapelketa

Abian da Bardoak 2012, Nafarroako taldekako txapelketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abian-da-bardoak-2012-nafarroako-taldekako-txapelketa/@@download/image/2012266852bardoak.jpg
2012/12/13
berria
Nafarroako Bertsozale Elkarteak iaz erabaki zuen Nafarroako Bertsolari Txapelketa bi urtean behin egitea, eta horregatik, Bardoak 2012 ekimena antolatu du aurten. Bertsolariak taldeka arituko dira, eta txapelketa martxoaren 31 arte luzatuko da.


Orotara 51 bertsolarik hartuko dute parte, inoiz baino gehiagok, eta 17 taldetan banatuta arituko dira. Horixe da antolaketaren aldaketa nagusia. Hain zuzen, hiru fasetan jardungo dute. Gainera, saioetan ez dira bazkari, askari, afari, edota bestelako ekitaldiak faltako.

Taldeak, neurri handi batean, eskualde edota zonalde bereko bertsolariz osatu dituzte. Horregatik, talde lana izango da oinarria, eta bertsolariek beren artean banatu beharko dituzte ariketak. Bertsolari ezagunak eta hasiberriak elkarrekin aritu dira, beraz, eta horrek txapelketa aberastuko du.

Gainera, lehen faseko saioetan ez dira ohiko epaiketa sistemak jarraituko: multzo bakoitzeko hirugarren taldeak beste bien lana epaituko du, puntuak eman beharrean, ariketaz ariketa talderik onena aukeratuz.

Faseak


Lehenengo fasea

Hiru taldeko bost multzo eta bi taldeko seigarren multzo bat osatu dituzte. Multzo bakoitzeko talde bakoitzak bi saio izango ditu, hain zuzen, multzo horretako beste bi taldeen aurka; bata etxean, bestea kanpoan. Guztira, 17 saio izango dira lehen fasean, otsailaren 19ra arte.

Bigarren fasea

Bigarren fasera, halaber, multzo bakoitzean lehen postuan sailkatutako taldea pasako da: denera, sei talde. Bi multzotan banatuko dira, eta haien arten ere beste bina saio egingo ditu talde bakoitzak. Fase hau martxoaren 18ra arte luzatuko da.

Hirugarren fasea

Hiru talde pasako dira azken finalera, martxoaren 31an. Leitzan egingo dute saioa, eta orotara bederatzi bertsolari taularatuko dira. Egun osoko jai eguna izango da, bertsolaritzaren jai handia.