Abian da Baigorriko Kulturaldia

Abian da Baigorriko Kulturaldia Musikaz, literaturaz, zinemaz, antzerkiaz eta dantzaz gozatu ahalko dute ekainaren 20ra bitarte Baigorrira hurbiltzen direnek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abian-da-baigorriko-kulturaldia/@@download/image/NAfarroaren-Eguna1.jpg
2021/05/28

Maitane Legarreta Etxezarreta

@mailegetx

Musikaz, literaturaz, zinemaz, antzerkiaz eta dantzaz gozatu ahalko dute ekainaren 20ra bitarte Baigorrira hurbiltzen direnek.
Abian da Baigorriko Kulturaldia

Basaizea elkarteak 1979. urtetik antolatu du ekimena eta gaur egun bizi dugun egoerak atzeratzera behartu baditu ere, euskal kultura bultzatzeko ekintzak martxan jartzea lortu dute baxenabartarrek. Aurrez, Baigorriko ibarreko hainbat herritan egin izan dute, baina aurten ekitaldi guztiak Baigorrin bertan izango dira maiatzaren 28tik ekainaren 20ra. 

Era guztietako ekitaldiak antolatu dituzte eta hasiera emateko, Koldo Zuazo hizkuntzalariak Baigorri eta Ortzaize ibarretako euskara liburua aurkeztuko du gaur Herriko Etxean, 19:00etan. Igandean, maiatzaren 30ean, herrian bizi den Dom Campistron ilustratzaileak Bekatorosak  liburuaren berri emango du 11:00etan Bixentaenean. Maialen Lujanbio eta Maddi Ane Txoperena bertsolariak izango ditu alboan. Lan honetan zazpi maitasun istorio eta borrokaren testigantzak jaso ditu ilustratzaileak eta, haien bidez, homofobiaren aurkako aldarria egin du. 

Antzerkia, musika, zinea eta dantza

Kultur adierazpide anitz izango dira Kulturaldiaren baitan. Antzerkiari dagokionez, Axut konpainiak Amuak antzezlana eskainiko du ekainaren 4an. Manex eta Ximun Fuchs anaiek, Maite Larburu musikariarekin batera, maitasun politikoari buruzko obra antzeztuko dute. 

Ruper Ordorika eta Mugalaris-ek musikaz jantziko dute Plaza Xokoa ekainaren 6an. Musikari oñatiarra, Arkaitz Miner, Lutxo Neira eta Hasier Oleagarekin arituko da. Sarrerak aldez aurretik eskuratu beharko dira.

Josu Martinezek Baigorrin filmatutako hiru film labur ikusteko aukera ere izango da ekainaren 11n. Ama, Anti eta Subandila eskainiko dituzte eta, ondoren, solasaldia egingo dute zuzendariarekin.

Azkenik, ekainaren 20an, Arrola dantza taldeak Garaztar taldearekin batera sortutako Izan baita emanaldia izango da Baigorriko ezker paretan. Nafarroako historiaren zati bat kontatuko dute, dantza, musika eta antzerkia uztartuta.