Abian da Ahora! Bideo Lehiaketa

Abian da Ahora! Bideo Lehiaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abian-da-ahora-bideo-lehiaketa/@@download/image/ahora_kartela_1363862651.jpg
2013/03/22
berria
Urriaren 6an Kilometroak 2013 jaialdia egingo dute Tolosan, eta aurten lehen aldiz, antolatzaileen artean Ikasle Batzordea eratu dute Laskorain Ikastolako gazteek. Haien ekimenez, abian da Ahora! Bideo Lehiaketa; parte hartzeko epea maiatzaren 10era bitarte izango da zabalik. Animatu!


Kilometroak, Gipuzkoako ikastolen aldeko festa erraldoia, Tolosan egingo dute aurten, urriko lehen igandean, hain zuzen, eta Tolosako Laskorain Ikastolak hartu dio Andoaingo Aita Larramendi Ikastolari lekukoa. Jakin badakigu, halako ekimenek urte osoko antolaketa behar izaten dutela, eta aurten lehen aldiz, ikastolako ikasleek ere beren batzorde propioa eratu dute prestaketan laguntzeko.

Dagoeneko hainbat ekimen gauzatu dituzte, eta udaberriari begira, Ahora! Bideo Lehiaketa antolatu dute. Izan ere, Ahora! da aurtengo kilometroen leloa, eta euskaraz jakin baina erabiltzen ez duten horiei gure hizkuntza ahora eramateko mezua luzatu nahi die.

Bideo laburrak
Lehiaketa erabat irekia da, eta edozein adineko pertsonek parte har dezakete. Gaia, noski, Ahora! leloa bera izango da, eta gehienez ere bost minutuko iraupena izan behar dute bideoek; mugikorraren bidez, bideo kamera erabiliz edo beste edozein gailurekin grabatu daitezke. Lanak aurkezteko epa maiatzaren 10era bitarte izango da zabalik, eta bi modutara egin ahal izango da entrega: kmk13lehiaketalaskorain.net helbidera egileen datuekin batera bidaliz, edota Laskorain Ikastolako idazkaritzan, formatu fisikoan, aurkeztuz.

Irabazleek sari politak izango dituzte eskuragai, besteak beste, 500 euro eta 20 laguntzeko egonaldia Getariko Askizu Aterpean (otorduak kanpo), edota 500 euro eta tablet bat lehenarentzat, eta 250 euro bigarrenarentzat.