Abiadura muga berriak: 90 bigarren mailako errepideetan

Dagoeneko aldatu dute abiadura maximoa bigarren mailako errepideetan; hala, orduko 100 kilometroetatik 90era jaitsi dute baimendutako abiadura maximoa. Neurri hau Hego Euskal Herrian jarri dute martxan, Espainiako Gobernuak hala ebatzita; istripuak gutxitzeko neurri moduan aurkeztu dute.
Kamioiei ere eragiten die aldaketak; orain arte gehienezko muga orduko 90 kilometrokoa zuten, eta aurrerantzean, 80koa. Salbuespena egingo dute autobusekin, orain arte bezala segituko baitute 90eko mugarekin, "oso istripu gutxi" dituztelako.
MUGIKORRA, ETSAI HANDIENA
Puntukako gidabaimenean moldaketak egingo dituela ere adierazi dute, eta sakelako telefonoa erabiltzeagatik zigor handiagoa izango dela: sei puntu kenduko dituzte, orain baino hiru gehiago. Hala, drogen eraginpean gidatzearen edo alkohol probari uko egitearen parekoa izango da telefonoa erabiliz joatea. Whatsapp eta horrelako aplikazioen erabilerak kezka handia sortzen du, arreta galera handiak eragiten dituelako.