Abiadan, baina presarik gabe

Abiadan, baina presarik gabe https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abiadan-baina-presarik-gabe/@@download/image/igor_urien_01_1382622325.jpg
2013/11/04
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
Umetatik lau gurpilen gainean, automobilismoan jauziz jauzi gora doa Igor Urien (1994) AbadiÑoko pilotua. Aurten Europako F3 Kopan ari da, 1 Formularen atariko kategorietako batean.


Halakoetan etxetik jasotzen da afizioa. Gaztetxoa zela, Igor Urienen Abadiñoko etxean ohikoak ziren motor hotsa eta lasterketarako grina. Hala, lagun batzuen kart-a probatu ostean, lehiaketetan parte hartzen hasi zen, zazpi urte baino ez zituela. Hainbat txapelketatan aritu zen ondorengo urteetan, tartean, Burgosen antolatutako Yamaha Challengean, 2006an, zegokiona baino urtebete lehenago. Txapeldun handiek talentua goiz bistaratzen dute.

Hamairu urterekin, 2007an, Epsilon Euskadi taldeak pilotuak aukeratzeko egin zituen probetara aurkeztu zen. Ordezko pilotu legez aukeratu zuten, eta KF3 mailan hainbat garaipen lortu zituen: Kantabriako Txapelketa edota bi lasterketa Gaztela eta Leongo Txapelketan, adibidez. Espainiako Txapelketako hiru lasterketatan parte hartzeko aukera ere izan zuen. Behin Epsilonekin zuen lotura etenda, talde propioa atera zuen Urienek: Abadiño Karting Taldea. "Egia da geure talde propioa egin genuela, baina karting txapelketetan beste talde batzuekin elkarlanean aritzen nintzen; hori bai, beti nuen aita mekanikari", dio bizkaitar gazteak.

2010ean, Espainiako Prototipoen Irekian azpitxapeldun izan zen CM mailan, eta Emilio de Villotaren taldearekin konpetitzeko aukera izan zuen, 18 urtez azpiko Kataluniako Open Formula Kopa irabaziz. "Uste dut urte oso garrantzitsua izan zela nire ibilbidean, orduan hartutako esperientzia gaur egun egiten dudanaren oinarri nagusietakoa baita", dio.

Ez da kirol merkea automobilismoa. Txapelketa bateko lasterketa batzuetan soilik parte hartzea ohikoa da maila horietan. Hala ere, "hori bakoitzaren aurrekontuak mugatzen duen zerbait bada ere, ohikoena test edo entrenamendu saiorik ez egin eta lasterketa soilik egitea da, hainbeste kosturik gabe aritu ahal izateko".

Azkenaurreko jauzia
2011n, Radical mailan Espainiako Prototipoen Irekian erraz gailendu zen Urien, eta ondorioz, Europako Radical Masterrak jokatzeko aukera ere izan zuen. "Urte hori kotxe handietara ohitzen joateko baliatu nuen, Radical prototipoak motor handiko kotxeak baitira, eta horiek gidatzeko kilometro asko egin beharra dago".

Azken bi urteetan emandako jauzia baina, agian, pilotu batek adin horretan eman dezakeen garrantzitsuena izan da: FIA Radical Masters Euroserieetatik pasatu, eta aurten, Nurburgring, Silrverstone, Spa edota Monza bezalako zirkuituetan aritu da Europako F3 Kopan. "Zirkuitu mitikoak dira, eta berezia da bertan lehiatzea".

Hilaren 9an eta 10ean amaituko da txapelketa, Montmeloko zirkuituan, Bartzelonan. Urien bosgarren postuan dago, laugarren sailkatua dagoen Che Won Lim hego korearrarengandik bost puntura, eta podiuma ixten duen Tommaso Menchinirengandik hemezortzi puntura. Matematikoki aukerak badituen arren, oso zaila izango du abadiñarrak azken podiumera igotzea. Hala ere, lasai dago mutila, aurtengo helburua hasieratik izan baita "txapelketera ohitu ta esperientzia hartzea". Pausoz pauso, azken koska litzateke 1 Formulara heltzea. Baina Urienek hankak lurrean ditu: "1 Formulan mundu osoko 22 pilotu bakarrik daude. Nire ustez, garrantzitsuena norbera dagoen kategorian ahalik eta gehien disfrutatzea da. 1 Formula baino kategoria gehiago badaude".

"Automobilismoan segurtasun neurriak asko hobetu dira"


Nola entrenatzen duzu? Suposatzen dut ez duzula egunero lasterketako autoarekin entrenatzeko aukerarik izango.
Ez, formula autoarekin entrenatzeko egun programatuak ditugu, eta horietan bakarrik dut lasterketetako kotxea pilotatzeko aukera. Egun horietatik kanpo, bi entrenamentu mota egiten ditut gehienbat. Alde batetik, asfalto gainean entrenatzen segitzeko, kart-etan aritzen naiz. Bestetik, alderdi fisikoa entrenatzeko, gimnasioko lana oso garrantzitsua da.

Kirol arriskutsua da zuena. Pilotuek zirkuituan sartzen zaretenean zuen bizitza arriskuan jartzen duzue. Nola uler daiteke hori?
Ez dut uste hainbesterako denik. Urteek aurrera egin ahala, automobilismoa ere garatu egin da, eta alde horretatik, segurtasun neurriak asko hobetu dira. Dena dela, argi dago gehien gustatzen zaigun kirola dela, eta beraz, alde onak gustuko ditugun maila berean, arriskuak ere onartu egin behar dira.

Zenbatekoa da ingeniari eta mekanikarien garrantzia? Kanpotik norbanakoen kiroltzat uler daiteke, pilotua da protagonista. Baina uste baino gehiago du talde kiroletik?
Bai, zalantzarik gabe. Kotxe hauek teknologia asko dute, eta hori guztia ulertzeko modu bakarra dago: ingeniariek pilotuari dena zehatz-mehatz azaltzea. Eta noski, mekanikariekin ere elkarlanean aritu
beharra dago, kotxeak behar dituen aldaketak-eta behar bezala egiteko.

Automobilismoa oso kirol garestia da. Nola egin dezake zu bezalako pilotu gazte batek mundu horretan aurrera?
Argi dago kirol honetan, guztietan bezala, baina honetan bereziki, babesleen lana ezinbestekoa dela. Eta noski, laguntzaile horiek lortzeko atzean dagoen lana oso handia da. Nik alde horretatik, familiako eta ingurukoen laguntza izan dut, eta eskerrak, bestela ezinezkoa izango zitzaidan heldu naizen lekura heltzea.