Abesti frantsesak euskarara ekarri ditu Patxi Garat lapurtarrak

Patxi Garat donibandarrak En Basque diskoa kaleratu berri du, hamabi kantuz osatua. Disko honetako kantu gehienak autore frantsesen abestien moldaketak dira, euskaraz eginak. Musikari horien artean dira, Gainsbourg, Haroche, Brel edo Souchon. Garatek adierazi duenez, "haur nintzela euskara baizik ez genuen mintzatzen. Frantses hizkuntza atzerriko hizkuntza zen niretzat eta literaturak, poesiak eta abestiek eman zidaten hura maitatzeko eta idazle eta kantari izateko gogoa". Diskoko abesti originalen egileak, eta beste asko, irakasle bihurtu ziren berarentzat eta euren kantuak aztertzen zituen. Konfinamendu garaian, bere baitara eta kantu horietara itzuli da Garat. Disko hau kantu horiei eginiko "omenaldia da, eta euskaraz kantatzea bere sustraietara zintzilikatzeko modua".
Eztanda abestiaren bideoa apirilaren 23an kaleratu zuen, eta ordutik beste bi kantu ere aurkeztu ditu ikus-entzunezkoen laguntzaz: Karabana eta Hemen esateko banoala. Diskoa ere entzungai eta salgai da ostiralaz geroztik.
Patxi Garat 1981ean Donibane Lohizunen jaiotako abeslari eta musikagilea da. 2003an Star Academy telebista saioan ikusi ondoren, Atmosphériques diskoetxe independentearekin sinatu zuen. Patxik bi disko argitaratu ditu aurretik, S’embrasser (2006) eta Amour Carabine (2010). 2014tik aurrera, Patxi artista askorentzat idazten aritu da, batez ere Louane Emerarentzat, eta hainbat abesti sortu ditu.