Aberastu gaitezen pobretu gabe

Aberastu gaitezen pobretu gabe Behin oinarrizko beharrak estalita, non dago benetako aberastasuna? Non muturreko pobrezia? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aberastu-gaitezen-pobretu-gabe/@@download/image/duflo_banerjee.png
2020/06/24

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Behin oinarrizko beharrak estalita, non dago benetako aberastasuna? Non muturreko pobrezia?
Aberastu gaitezen pobretu gabe

Izan ere, denok nahi dugu lan hobea, emaitza hobeak, gehiago saldu... baina jarri al zara pentsatzen behar bada aberastasuna hor baino, zure burua pertsona bezala haztean dagoela? Ideia honetatik abiatzen da pobreziaren lau mailak deitutako autoazterketa ariketa. Egun, pandemiak gure lehentasunak berrordenatzera eraman gaituen honetan, egin beharreko ariketa dela iruditzen zait. 

1. maila: Kultura pobrezia
Maila honetan dago pentsatzen duena ez duela ezer ikasteko eta jada dena dakiela. Pertsona hau kexatu besterik ez da egiten guztia gaizki dagoelako eta ez dagoelako lanik, baina zer egiten du egoera hobetzeko? Zer ari da ikasten? 

2. maila: Duintasun pobrezia
Bigarren maila honetan daudenak pentsatzen dute ez dutela ezer erakusteko eta ezin dietela inori lagundu. Pertsona hauen ustez zerbait erakutsi dezakeenak lagundu dezake. Benetan ordea, ez da ezin dutela, ez dutela nahi baino, nagikeria edo berekoikeriagatik. Guztiok dugu zerbait erakusteko eta norbaiti lagundu diezaiokegu. Behin probatuta, ziur errepikatzen duzula, partekatzean duin eta aberats sentitzen baikara. 

3. maila: Aurreiritzien pobrezia
Pobrezia maila hau lotuta dago pentsamendu txikiak edukitzearekin. Guztirako formula azkar bat nahi dugu, lan bat diru askorekin eta ahalegin gutxirekin, gehien gustatzen zaiguna janez hilabete batean 10 kilo galdu. Hemen aberastasuna sinesmen oker hauek garaitzean datza; beldurrak jarritako aitzakiak baino ez baitira zauden lekutik ez mugitzeko. Pentsamendu hauek okerrak dira eta mugatu egiten gaituzte. Hauek garaitzeko onena ikasketa etengabea da. Aitzakiak jarriz eta kexatuz denbora asko galtzen dugu, denbora horretan ikasi dezakegu, jakiteko gogoz mugitu, sortu. Beharbada emaitza berdina izango da, baina saiatu garenaren sosegua izango dugu.

4. maila: Helburuen pobrezia
Grezia zaharrean ergela bere burua bestearen gainetik jartzen zuena zen. Jakintsua berriz bere buruaren gainetik guztien ongizatea kontuan hartzen zuena. Guztiok gara edo izan gara ergelak noizbait, hau gainditzeko galdera hauek egin behar dira: Zer lortzen du jendeak nirekin dagoenean? Zer ematen diet nire inguruan dauden pertsonei?

Eta zu, zer mailatan zaude? Abestiak dioen bezala "aberastu gaitezen pobretu gabe".