Abentura bila

Abentura bila https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abentura-bila/@@download/image/57p30-1_1366323322.jpg
2005/11/04
erreportajea
Jon Odriozola
"Euskal bidaiarien memoria"  liburua argitaratu du Elea argitaletxeak. Angel Martinez Salazar gasteiztarrak idatzitako liburu horretan, euskal bidaiarien berri eman zaigu: funtzionarioak, piratak, soldaduak, geografoak, biologoak… historian barrena, era guztietako abenturazaleak abiatu dira Euskal Herritik abenturaren ozeanora.

Emozioa, jakin-mina… hainbat faktore daude txango edo bidaia baten atzean. Bidaia gogokoena, amesten dena omen da… baina ikusitako bazterrez bapo gozatzeko, hobe begiak zabal-zabalik izatea… ezta?

Bidaiaria beti ari da bihar, etzi, edo etorkizuneko bidaia prestatzen. Hara bestela, Richard Branson, Virgin multinazionalaren jabearen adibidea: Branson hasia da prestatzen, 2007 urtean, espaziora egin behar duen bidaia. Bransonen aurreikuspenen arabera, 170.000 euro inguru ordaindu beharko dira SpaceShipOne espazio-ontzian bizpahiru ordukotako bidaia egiteko. Nik, nire aldetik, izarren artean nabigatzeko apur bat "itxarotea"  deliberatu dut: ea bidaia-txartela pixka bat merketzen duten…   

Zer dira, bada, mendizaleak?

Abenturazaleak edonon topa daitezke, eta euskaldunak ere ez gara inoiz etxean geratzekoak izan. Esaterako, maiatzaren 14an, hogeita bost urte bete ziren Martin Zabaleta mendizalea Everestera igo zenetik, eta "Egin dugu!" oihukatu zuenetik. Oso urrun egon arren, Zabaletaren poz deiadarra Euskal Herriraino iritsi ziren.

Joan den uztailean, Martin Zabaletaren balentriatik mende laurdena igaro
ondoren, Edurne Pasaban mendizale tolosarra. zortzimilako tontor gehien igo dituen emakumezkoa bihurtu zen, Wan-da Rutkiewick-ekin batera. Halaber, hor dago Josune Bereziartu armiarmaren kasua: horma gogorrenen bila, Bereziartu etengabe dabil harat honat, munduan barrena

Bidaian, bikotea topatu

Baina kirolariez gain, badira gure artean beste makina bat abenturazale. 1999an, bizikleta gainean, Istanbul aldera abiatu zen Eneko Etxebarrieta gasteiztarra. Turkiako hiriburura iritsi orduko, munduari bira ematea erabaki zuen, eta lau urteko txangoaren ondoren, Gasteizko habira itzuli zen. Eneko ez zen bakarrik itzuli, ordea: Brasilen ezaguturiko Miyuki neska-lagunarekin baizik. Zortzi urtetan, munduari bira ematekotan dira orain Eneko eta Miyuki: bidaia tandemean egingo dute, "Milurtekoaren helburuak" egitasmoaren barruan.

Gizonezkoen menpe

Bidaiak eta bazterrak ezagutzeko grina ez da atzo goizekoa, oso aspaldikoa baizik. Dena den, garai bateko euskal bidaiarien errepasoa eginez gero, berehala konturatuko gara, ia guztiak gizonezkoak izan zirela. Zergatiak, azalpen erraza du: duela hamarkada batzuk arte, kanpora bidaiaren bat egiteko, senarraren edo aitaren baimena behar izaten zuten emakumezkoek... hortik kontuak atera!

Hala ere, gure historian, izan da gizonezkoen morrontzari aurre egin dion emakume ausartik: Erausoko Katalina, "lekaime-alferiz" donostiarra, adibidez. Gizonezkoz mozorrotuta, makina bat abentura bizi zituen Erausoko Katalinak (erreportaje luzea merezi du bere bizitzak, eta hurrengo batean eskainiko dizuegu). Seguru asko, horrelako kasu gehiago izan dira, baina ia ez dago testigantzarik.

Hegoamerika miatzen


XVIII. mendean jaiotako Juan Francisco Agirre marinel nafarrak, ibilbide esanguratsua egin zuen denbora gutxian. Espainiako Armadako ofiziala zela, Ipar Afrikako kostaldean eta Mediterraneoan azterketa zientifikoak egin zituen.

Agirre ontzi-tenientea zen, eta 1781ean komisario izendatu zuten, Portugalek eta Espainiak Hegoamerikan zituzten lurrak zehaztu zitzan. Montevideoko anaiaren etxean egon ondoren, Buenos Airesera joan zen Agirre. Hain zuzen, zehaztasun handiz deskribatu zuen hango bizitza:  negozioak, hirigintza, ohiturak, politika… Afrikatik ekarritako esklabuen berri ere eman zuen.

Paraguay iparraldeko mugetan, zenbait espedizioren buru izan zen, topografian lan eginez. Erreleboa eskatu eta A Coruñara bidali ostean, 1789an zenbait lekutako artilleria eta munizio fabriken zuzendari izendatu zuten. Kantabriako Orejo herrian hil zen, 1811n. 

Ikerlari nekaezina



XVIII. mendean, Ipar Ozeano Barea, munduko azken muturra zen Europako itsasontzientzat. Garai hartan, huraxe zen lehorretik itsasoz egin zitekeen ibildiderik luzeena. Mende amaieran, Espainiak eta Ingalaterrak, akordio diplomatikoa adostu zuten ipar-mendebaldeko eta ipar-ekialdeko itsas bazterrak nork eskuratuko lehia baretzearren. Testuinguru horretan, George Vancouver eta Juan Francisco de la Bodega euskalduna, ipar-mendebaldeko kostaldea esploratzen aritu ziren (1792-94). Juan Francisco, somorrostroar (Bizkaia) baten semea zen, eta Liman eman zuen gaztaroa.

XVIII. mende erditik aurrera, Alaska eta Kanadara egindako esplorazioetan erreferentea izan zen Juan Francisco de la Bodega. Kanadako Nutkako indiarren inguruan, zera idatzi zuen: “Hotz egiten duenean orein, otso edo bestelakoren baten larruz estaltzen dute soina; baina gehienetan ez dute arroparik, eta haragiak airean ibiltzen dira. (…) Adats luzea dute guztiek (…) Aurpegia, bizkarra eta bularra pintatzen dituzte, eta besoak pikatuak dakartzate, irudiak osatuz (…). Ehizatik bizi dira, baita arrantzatik eta basa-fruituak jasotzetik ere”. Etnografia eta geografia mailan lan handia egin ondoren, Espainiako ejerzitoan kapitain izendatu zuten.

Abordatzera!



Jean Lafite 1780 edo 1781ean jaio zen, Baionan. XVIII. mende amaieran, anaia Pierrerekin eta sendiarekin batera, Haitira abiatu zen, fortuna bila. Dena den, esklaboen iraultza zela eta, New Orleanserako bidea hartu zuten. Azkenean hegoaldean geratu ziren, Barataria irlan.

Lafite anaiek barrakoiak eta etxeak eraiki zituzten, esklabo trafikoan aritzeko. Horrez gain, kafe-plantazioak eta prostituzio etxeak zuzendu omen zituzten. Leku hartan urteak egin ondoren, Jean Lafitek gogotik aberastu zen.

Anaia lapurtarrak abenturazale sonatuak izan ziren. Luisianan, kontrabandoan eta esklabo salerosketan aritu zirenez, harreman ona izan zuten kotoi-plantazioen jabeekin. Hala, Mississippiren kontrola eskuratu asmoz, britainiarrek bi anaia lapurtarrengana jo zuten laguntza eske. Jeanek uko egin zion eskaerari, eta hiriaren defentsan jardun zuen, heroi bihurtuz.

Hala ere, gerora, Espainiako maiestate katolikoaren zelatari bihurtu ziren, eta hartu-emanak izan zituzten yucatandar lur-jabe eta merkatariekin.1952an New Orleansen argitaratutako “Jean Lafite, Gentleman River” liburuan, gauza bitxi bat kontatzen du Stanley C. Arthur idazleak. Stanley C. Arthur-ek dioenez, Jean Lafitek Manifestu Komunistaren berri eman zion Abraham Lincolni, artean, Lincoln Illinoiseko senatari zela. Jean Lafite pirata zital, ausart eta seduktorea 1854an hil zen Illinoisen. Hamaika teoria daude bere heriotzari buruz.  

Gure Forrest Gump



Oso aspaldira jo gabe, euskal bidaiari harrigarrien istorioak topa daitezke. Horietako bat da Guillermo Larregi, beti eskorga batekin ibiltze zenez, “eskorgadun euskalduna” goitizena irabazi zuen nafarra. Larregi 1885ean jaio zen Iruñean, eta 1964an hil zen, Argentinan. Berrogeita hamar urteak betetzear zela, batetik bestera oinez joatea deliberatu zuen Larregik. Ekipaia garraiatzeko eskorga hartu zuen, eta “Pantxo” eta “Secretario” txakurrak izan zituen bidaide. 1949an Iguazura iritsi zen, eta han eman zituen bere azken egunak, turisten gidari.  

Panda hartzaren aitapontekoa



Jean Pierre Armand David 1926an jaio zen Ezpeletan. 1862an, apaiztu orduko, Pekinera bidali zuten, eta zoologia lanak egiten hasi zen. Hala, Mongoliako eta Txinako hainbat espezieren berri eman zuen Jean Pierrek. Bere aurkikuntzek, oihartzun handia izan zuten mundu osoko zientzialarien artean.

Ezpeletarrak, garai hartan erabat arrotza zen animalia bat ezagutarazi zuen: panda hartz zuri-beltza. Jean Pierren ekarpenak oso estimatuak izan izan ziren, eta 1872an, Frantziako Zientzien Akademiako kide izendatu zuten. Hain zuzen, Antoine Abbadia irlandar-euskaldunaren lekua hartu zuen akademian. 1900 urtean zendu zen.

Sandinorekin solasean



Ramon Mari Belaustegigoitia Laudion jaio zen, 1891n. Gaztetan Athleticen jokatu zuen, eta gerora, nekazaritza gaietan aditua bihurtu zen. Ozeanoa zeharkatuta, Mexikora joan zen Belaustegigoitia. Bolada batez, Mexiko eta AEBetan barrena ibili zen, hamaika gairen inguruan idatziz: politikatik hasi, nekazaritzatik jarraitu, eta erlijiora heldu arte.

Nikaraguan, Sandinok gidatutako borroka gertutik ezagutzeko aukera izan zuen. 1933ko otsailean, ederki kostata, sandinisten kanpamendura iritsi zen, eta bandera gorri-beltza gidatzen zuen Augusto Cesar Sandino liderra elkarrizketatu zuen. Sandinori, hasieran, zaila gertatu zaitzaion “abizen luzeko” euskaldunaren  deitura ahoskatzea: Be-la-us-te-gi-goi-tia!Bi astetan, egunero, Sandinorekin jarduteko beta izan zuen laudiotarrak. Garaiera txikiko gizon handi haren hausnarketek, bereziki hunkitu zuten Belaustegigoitia.

Handik gutxira, Anastasio Somoza diktadorearen morroiek tiroz erail zuten “gizon libreen generala”. Belaustegigoitiak idatzitako “Con Sandino en Nicaragua: La hora de la Paz” liburuan, sandinisten gidariaren nondik norakoak irakur daitezke.