Abenduaren 2an egingo dute Donostiako Kontadoreseko Mikroantzerki Maratoiaren zazpigarren edizioa

Mikro Antzerki Maratoiak tokiko gazteek egiten duten formatu txikiko antzerkia bultzatu nahi du, eta bertan parte hartzen duten gazteak motibatzea da helburua, haien kultur ekoizpenak sortu eta zabaltzeko prozesuan aurrera egin dezaten. Zazpigarren edizioa abenduaren 2an izango da, Kontadores Gazte Zentroan, 18:00etatik aurrera.
Antolatzaileen hitzetan, "aktoreen eta ikusleen arteko elkarrekintza ahalbidetzen du maratoi honen formatu txikiak. Hala, antzezlan laburrak ekoiztea sustatzen du, giro hurbil, elkarrizketarako gertu eta familiar batean, ikuskizun handietan aurkitzea zailagoa dena".
Hiru mikroantzerki ikusteko aukera izango da bertan. Lehenik, La Rata India taldearen La mujer sola izenekoa. Etxetresna elektrikoz eta zarataz inguraturik, baina bakar-bakarrik bizi den emakume baten istorioa kontatzen du, lehen pertsonan. Etxeko leihotik, auzora bizitzera etorri berri den beste emakume batekin beste inorekin komunikatzen ez den emakume baten kontakizuna. Peio Arnaezek zuzendua, Violeta Clar izango da antzezlea. Hogeita bost minutuko iraupena du piezak, eta 18:15etik 19:45era ikusi ahal izango da, gaztelaniaz.
Bigarrenik, Hodei Arrastoak zuzendu eta Amaia Irazabal antzezle duen Granada hazien auzia izango da. "Mahai gainean granada bat, aiztoa eta egurrezko ontzia. Atzean urez beteriko garbiontzia. Ezker aldean mikrofonoa eta eskuinean makina birrintzailea. Auzia hastera doa". Hamazpi minutuko iraupena du, eta 18:30etik 19:15erako tartean eskainiko dute, euskaraz.
Hirugarrenik, Kalte kolektiboaren euskarazko Fikziohesioa antzezlana aurkeztuko da, 19:00etatik 20:30era. Iholdi Beristain, Oihan Carramiñana, Ander Lacalle, Gaizka Sarasua, Omar Somai, Eider Villalba dira antzezle eta zuzendariak. Sinopsia, berriz honakoa: "Talde batean kohesioa lortzea batzuetan ez da erraza izaten, baina beharrezkoa da. Ideiarik gabeko sei aktore hauei egur xafla batek kohesiorako bidea irekiko die. Egur puska horri esker, triziklo eta aizkora batekin aurkituko dira, saskibaloi partida itzela jokatuko dute eta mikrofono pare batekin casting batean parte hartzeko aukera izango dute. Horrez gain, eraztun boteretsu baten menpe egongo dira eta hori desiratzen duen begi zahar handi batengandik ihes egin beharko dute. Xafla honek duen magia eta fikzio hauei esker, lortuko al du talde honek kohesioa? Fikziohesioa izan liteke agian!".