Abenduaren 21etik aurrera, Hamabostaldi Kulturala Lemoan

Abenduaren 21etik aurrera, Hamabostaldi Kulturala Lemoan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abenduaren-21etik-aurrera-hamabostaldi-kulturala-lemoan/@@download/image/201212121123lemoa_stereo.jpg
2012/12/13
berria
Abenduaren 21etik aurrera, Hamabostaldi Kulturala Lemoan
2012ari amaiera bikaina eman eta 2013 urtea ongi hasteko, Hamabostaldi Kulturala egingo dute Lemoan, eta Karabie gaztetxeak, autogestioaren bidetik, kontzertuz, hitzaldiz eta beste hainbat ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu du hilaren 21etik urtarrilaren 5era bitarte.

Mundua irudikatuz, autogestioa biziz! Lelopean, Hamabostaldi Kulturala antolatu dute Lemoan, eta herriko Karabie gaztetxeak ekintza sorta polita prestatu du bertatik nahiz kanpotik hurbiltzen diren gazte eta ez horren gazteentzako. Izan ere, gabon datak baliatuz, musika, literatura, antzerkia eta truke azoka ere egingo dituzte datozen egunetan.

Musikak, ohiko legez, tarte garrantzitsua izango du egitarauan, eta besteak besteko Esne Beltzako Xabi Solano eta Dz-ren, Todo o Nada bakarlariaren eta Stankeik Band eta The Lost Bastards taldearen kontzertuak eskainiko dituzte abenduaren 22an, 27an eta 5ean hurrenez hurren. Lehenerako sarrerak aldez aurretik erosi behar dira.

Txatxamurke eguna ere egingo dute abenduaren 27an, eta hurrengo egunean, arratsaldeko 20:30ean, Miren Gaztañaga aktoreak Stereo antzezlana aurkeztuko du.

Bestelako ekintzak
Kultur ekitaldietatik haratago, hilaren 29an erreka garbitzeko bilduko dira gazteak, eta urteko azken egunean, goizeko 11:00etan, futbol partiduak antolatu dituzte. Urte Zaharretako parrandaren ostean, Igel Txapelketa egingo dute urtarrilaren 1ean, arratsaldez, eta 2an Gazte Asanbladen Gida lana aurkeztuko dute arratsalde partean.

Hitzaldiak, liburu aurkezpenak, pintxo dastaketak… Ez da ezertxo ere faltako Karabien! Hurbildu kanpoko hotzetik babestu eta giro epelean goxatzera.

Egitarau osoa


Ostirala, abenduak 21
Ipuin-kontalari eskola

Larunbata, abenduak 22
Xabi Solanoren eta DZren (Esne Beltza) kontzertua 22:00etan

Astelehena, abenduak 24
Badator Olentzero ekitaldia, 18:30ean

Asteazkena, abenduak 26
Truke Azoka 18:00etan, eta Pintxo Lehiaketa 20:00etan

Osteguna, abenduak 27
18:30ean Txatxa Dei eguneko ekitaldia, eta 21:00etan Todo o Nada bakarlariaren kontzertua

Ostirala, abenduak 28
Miren Gaztañagaren Stereo antzezlana 20:30etik aurrera

Larunbata, abenduak 29
Erreka garbiketa 10:30ean

Igandea, abenduak 30
Al Son del Punk. Cuidado que muerde liburuaren aurkezpena 20:00etatik aurrera

Astelehena, abenduak 31
Futbol partiduak goizeko 11:00etan

Asteartea, urtarrilak 1
Igel Txapelketa arratsaldeko 19:30ean

Asteazkena, urtarrilak 2
Gazte Asanbladen Gida lanaren aurkezpena 19:30ean

Osteguna, urtarrilak 3
Kafe Aleak liburuaren aurkezpena 19:30etik aurrera

Ostirala, urtarrilak 4
19:30ean Gite-ren eskutik, hitzaldia

Larunbata, urtarrilak 5
Stankeik Band taldearen kontzertua, 22:00etan