Abenduaren 19tik 23ra, BIME jaialdia Bilbon

Abenduaren 19tik 23ra, BIME jaialdia Bilbon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abenduaren-19tik-23ra-bime-jaialdia-bilbon/@@download/image/bime_1384855852.jpg
2013/11/19
berria
Musikaren industriako profesionalen arteko harremanak bultzatzeko, nazioarteko nahiz bertako taldeen zuzeneko musikaz gozatzeko eta musikarekin loturiko hitzaldi, workshop, tailer eta abarretan parte hartzeko aukera izango da gaur hasi eta larunbatera bitarte iraungo duen BIME jaialdian.


Bizkaia International Music Experience izeneko jaialdiak gaur ikusiko du argia, azaroak 19. Bost eguneko tartean musikaren alorreko profesionalak, enpresak, zaleak, adituak eta baita musikariak ere espazio berean biltzea du helburu egitasmoak, haien arteko harremanak sendotu eta elkarrengandik ikasteko aukera izan dezaten. Ez hori bakarrik, talde esanguratsuen zuzenekoak ikusteko beta ere izango da, 50 orotara, eta etorkizuneko proiektuak bertan sukaldatzen hasiko direla gaineratu dute antolatzaileek.

Horretarako, hiru atal izango ditu jaialdiak: BIME PRO batetik, BIME MARKET bestetik, eta BIME LIVE hirugarrenik.

BIME PRO
Musikaren industriako profesionalei bideratutako saila da, eta BECen, Rekalde Aretoan eta Bilboko beste hainbat espaziotan egingo dituzte beronen baitako ekintzak gaur hasi eta ostegunera bitarte, azaroak 21. Hitzaldiak, aurkezpenak, eztabaidak, kongresuak, prestaketa tailerrak, esperientzia gastronomikoak, sari banaketak… Denetarik barneratuko du egitarauak. Showcase-ak Bilboko Kafe Antzokian, Azkena Aretoan eta Bilbo Rocken egingo dituzte.

Dena den, enpresetako arduradunak ez ezik, musika zaleek eta gaian interesa duen edonork ere ordutegiak kontsultatu eta berauetan parte hartzeko aukera izango du.

BIME MARKET
Disko etxeek, ekoiztetxeek, promotoreek, elkarte eta instituzioek, musikarekin loturiko aplikazioak garatzen dituzten enpresek, plataforma teknologikoek… beren standak jarriko dituzte ostiralean eta larunbatean BECen. Merkaturatu dituzten azken produktuak erakusgai izango dituzte bertan, eta aukera ederra izango da markekin aurrez-aurreko harremana egiteko.

BIME LIVE
Euskal Herriko nahiz nazioarteko talde ezagunek zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzte ostiral eta larunbatean BECen. Orotara 50 izango dira, bost eszenatokitan banatuta. Egun bakarreko sarrerak 25 euro balio ditu, eta bonoa 45 eurotan eskuratu ahal izango da.

Besteak beste, bertan ariko dira Passenger, John Grant, Gossip eta These New Puritans talde atzerritarrak, eta Wilhelm & The Dancing Animals, Belako, Jupiter Jon, Anari, Lauroba eta Anai Arrebak euskaldunak. Hainbat DJek berotuko dute giroa.

Kontsultatu egitarau osoa hemen.