Abendu bihurria

Abendu bihurria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abendu-bihurria/@@download/image/aisia_05_1480936537.jpg
2016/12/05
erreportajea
Jokin Etcheverria @films_jok
Abendu bihurria
Hipokrisiari Stop kantatzen zuen Negu Gorriak taldeak, baina ez da erraza familiari esatea: "Aita, ama, amona, aurten ez naiz etorriko… Amsterdamera noa, Cannabis Cuparen irabazlea ezagutzera".

Oreka aurkitu beharko dugu. Proposatzen dizuet zuen planak zuek erabakitzen duzuen moduan egitea, eta Iparraldean plan on batzuk emanen dizkizuet.


Non entzun euskal musika?

Abenduaren 9an Frantziako rapzaleak elkartuko dira Atabalen: L’entourage kolektiboko Alpha Wan eta Deen Burdigo; eta 2ZIO euskal raperoak gau bihurriari hasiera emango diote. Odei Barroso bertsotan ez dabilenean, haiekin batera abesten du. Artista hauek sekulako aire freskoa ekarri dute euskal musikaren mundura!

Willis Drummondeko mutilak haien come back delakoa egiten ari dira. Durangoko Azokan ez baldin badituzu ikusten, beste aukera bada abenduaren 16an, Miarritzeko Atabal aretoan, edo ESPEIZE- ÜNDÜREINEn Xiberuan, hilaren 17an; bertan Tabula Rasa disko berria aurkeztuko dute.

Abenduaren 10ean, Zea Maysekoek bere rock musika Bizkaitik ekarriko dute Baionako gaztetxe berrira. Aukera ona ezagutzeko!

Non prestatu Eguberriko afariarako elkarrizketa?

Abenduaren 7an, Claude Labatek Olentzero, mitotik errito sozialera aurkeztuko du, Donibaneko Ducontenian, Olentzerori buruz dena ezagutzeko toki egokiena.

Euskal antzerkiaz NON?

Hazparneko anderearen ondoren eta Xabier Mendigurenen eskutik, Iduzkilore antzerki konpainiak Telesforo ez da Bogart izeneko antzezlana dakarkigu. Aktore talde bat jokoan, antzerki-lan bat asmatzeko jolasean, gogoko filmak oroitzen hasten dira: Blade Runner, Gone with the Wind, eta batez ere Casablanca.

Azken horretan, baina, Hollywoodeko istorioa hankaz gora jarriko dute; izan ere, benetako protagonistak, naziengandik ihesi zihoazenak, euskaldunak baitziren. Bada garaia egiazko istorioa kontatzeko! Senperen, Abenduaren 12an, Larreko gelan.

Prest zarete eguberrietarako! Hip-hopa entzun duzue, euskal rocka ere, Olentzerori buruz dena dakizue dagoeneko eta elkarrizketarako, Telesforo ez da Bogart antzezlana ikusi eta interesgarria izanen zara.

Eguberri on denoi eta laster arte lagunok!!