ABBA taldea bueltan da 40 urteren ondoren

ABBA taldea bueltan da 40 urteren ondoren Disko berria kaleratuko dute azaroan eta kontzertu birtualak eskainiko dituzte datorren urtean Londresen puntako teknologia erabilita. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abba-taldea-bueltan-da-40-urteren-ondoren/@@download/image/abba taldea.jpeg
2021/09/06

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Disko berria kaleratuko dute azaroan eta kontzertu birtualak eskainiko dituzte datorren urtean Londresen puntako teknologia erabilita.
ABBA taldea bueltan da 40 urteren ondoren

ABBA taldearen jarraitzaile ez denak ere, aski ezagunak diren hainbat kantu ezagutuko ditu, hala nola Mamma mia, Waterloo edota Dancing queen. 1982an banandu zen talde suediarra baina berriz elkartu dira  Anni-Frid LyngstadAgnetha Fältskog, Björn Ulvaeus eta Benny Anderson kideak. 

Voyage izeneko disko berria kaleratuko dute azaroaren 5ean. Disko hamar kantuz osatutakoa izango da eta horietako bi kaleratu dituzte jada: Don't shut me down eta I still have faith in you. Azken honen bideoa ere argitaratu dute.

Diskoaz gain, kontzertu birtualak ere emango dituzte Londresen. Teknologia berriak erabilita eskainiko dituzte musika emanaldiak. Izan ere, artistak pertsonaia holografiko bihurtuko dira, ABBAtars ezizenez ezagunak. Mugimendua atzemateko teknologiarekin sortu dira, The Lord of the Rings filmetan Gollum pertsonaia sortzeko erabili zutenaren antzekoa, eta 1979an ziren bezalaxe erakutsiko dituzte taldekideak. Ordu eta erdiko iraupena izango duen ikuskizunean taldearen 22 abesti ezagunenak ekarriko dituzte gogora.

ABBA taldea 1972an sortu zen Stockholmen eta handik bi urtera mundu mailako ospea lortu zuten Waterloo abestiarekin Eurovision kantu jaialdia  irabazita. Pop ikono bilakatu ziren hamarka horretan eta arrakasta handia izandako dozenaka abesti sortu zituzten. Taldearen sorreratik hamar urtera desegin zen taldea, baina orain eurekin musikarekin gozatzeko aukera izango dugu berriz.