Abaraska: beste etxebizitza eredu bat posible da

Abaraska: beste etxebizitza eredu bat posible da Donostian bizi nahi dute bizitza hipotekatu gabe. Bestelako etxebizitza eredu bat bultzatzeko elkartu dira. Ezagutzen dituzu? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abaraska-beste-etxebizitza-eredu-bat-posible-da/@@download/image/Captura de pantalla 2018-03-16 a las 09.55.57.png
2018/03/16
berria
Donostian bizi nahi dute bizitza hipotekatu gabe. Bestelako etxebizitza eredu bat bultzatzeko elkartu dira. Ezagutzen dituzu?
Abaraska: beste etxebizitza eredu bat posible da

Duela astebete ezagutzera eman zuten Abaraska proiektua, eta bihar, hilak 17, aurkezpen festa egingo dute Guardetxean. Bertan, proiektuaren nondik norakoak azalduko dituzte, duda guztiak argituz. Baina, zer da Abaraska?

 

Donostian sortu da proiektua, gazteek etxebizitza bat eskuratzeko dituzten arazo larriei beste bide bat topatzeko helburuz. Hain zuzen, aste honetan eman dute albistea: hirian, metro koadroa Manhattanen bezain garestia da. Horren aurrean, prekarietatean bizi diren gazteei ezinezkoa zaie hirian bizitzeko lekua topatzea, horrek dakartzan ondorioekin; izan ere, zein da biztanlerik gabeko hiri baten etorkizuna?

 

 

Hala, Abaraska proiektuak honakoa proposatzen du:

 

"Etxebizitzaren arazoak eragiten digun kolektiboa gara, Donostiako hirigunean modu duin batean bizi nahi dugu eta gaur egungo ereduak ez gaitu konbentzitzen. Etxebizitza ez da ondasun material soila, oinarrizko eskubidea baizik. Gure oinarrizko harreman taldea finkatzen du, bizitza egonkortzen digu eta munduan txoko bat ematen digu. Antolamendu kooperatiboa, jabetza kolektiboa, etxebizitzaren erabilera balioa eta kideen arteko lankidetza izango ditugu ardatz gure etxebizitza ereduan. Eredu inklusibo, jasangarri eta ez espekulatzaile bat sustatu nahi dugu. Etorkizuna eraikitzeko eta irudikatzeko espazioa da Abaraska."

 

Bestelako bizi eredu bat

Abaraskako kideen arabera, egungo bizi eredu indibidualistak ez ditu kontuan hartzen jendearen oinarrizko beharrak. Hala, bizitzako aspektu gehiago partekatu nahi dituzte gure intimitateari eta pribatutasunari uko egin gabe. Ohiko familia ereduaren aldean, zaintza, denboraren ekonomia, eta beste hainbat aspektu modu politiko batean ulertzeko eta lantzeko espazioa izan daiteke bizitokia. Bizilagunak bizi-lagunak izan daitezke.

 

 

Jabetza kolektiboa eta erabilera balioa

Lurra ondasun publikoa izatea nahi dute, eta erabilera eskubidea aldarrikatzen dute. Jabetza pribatuaren aldean, beren ereduan kooperatiba litzateke eraikinaren jabe, eta ez norbanakoa.

 

 

Proiektua interesatzen zaizu? Hurbildu bihar, hilak 17, Guardetxera, 17:00etan; piskolabisaz eta kontzertuez gozatzeaz gain, etxebizitza eredu berri hau ezagutzeko aukera duzu!