90 saio eskainiko dira Leioako Umore Azokan

90 saio eskainiko dira Leioako Umore Azokan 43 konpainiak hartuko dute parte eta diziplina guztietako ikuskizunak izango dira ostegunetik igandera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/90-saio-eskainiko-dira-leioako-umore-azokan/@@download/image/Aldizkaria_2023.jpg
2023/05/16
43 konpainiak hartuko dute parte eta diziplina guztietako ikuskizunak izango dira ostegunetik igandera.
90 saio eskainiko dira Leioako Umore Azokan

Leioako Kaleko Artisten Azokaren XXIII. edizioa izango da asteburukoa eta bertan parte hartuko duten 43 konpainietatik 17 izango dira Euskal Herrikoak. 

Euskal Herriko konpainia askok euren ekoizpen berriak aurkeztuko dituzte. Barre Taldeak Nao-Now-Nau eskainiko du, euskal arrantzaleei egindako omenaldia, Javier Garciak interpretatzen duen Mimo pailazoak gidatuta. Harrobi Dantza Bertikalak Geure(R)a ikuskizuna erakutsiko du. Dantza bertikaleko eta diziplina anitzeko pieza da, eta Juantxo Zeberioren musika, Toti Martinez de Lezearen poemak eta Paco Gramajeren proiekzio bizidunak ditu. Hortzmuga Teatro taldeak, berriz, El viejo, el buzo y el mar lana taularatuko du. Lan honek kontsumismoa, sortzen dugun hondakin kopuru handia eta itsasoko isurpen masiboak ikusarazi nahi ditu.

La Glo Zirko Dantzak Ensueño pieza bertikala eskainiko du, loaren eta hegaldiarekin duen loturaren gaineko gogoeta. Lekittoko Deabruak & Zozongok Mingorri ikuskizuna egingo du, Lekeitio inguruan bizi den mihi gorriko eta azal beltzeko pertsonaia mitologiko eta diabolikoari egindako omenaldia. Piszifaktoria Ideien Laborategiak Asfaltoaren azpian, euria distopia antzeztuko du. Ibilbide dramatiko eta ibiltaria da, eta espazio publikoetan dagoen bizitzaren gaineko gogoeta kolektiboa egiten du. Trapu Zaharra beteranoek Eutsi Ramon! aurkeztuko dute.  Santi Ugaldek sortu eta Oscar Terolek zuzendutako obra honek enpresa batek maila altuko bunkerrak saltzeko antolatzen duen zuzeneko lehiaketaren istorio eroa kontatzen du. Bestetik, Iparraldeko Batcharte Dantza konpainiak XVII. Sorginkeriaren epaiketak oroitzeko sortutako Sor[tu.E]gina lana izango da.

Espainiar Estatuko, Frantziako, Keniako eta Portugalgo ikuskizunez ere gozatu ahal izango da, hala nola Collectif Primavez konpainiaren Laisse-moi zirku-dantza ikuskizuna; Wetumtum taldearen Crassh_DuoCircus, zuzeneko musika, malabarismoa eta zirkuarekin uztartzen dituena; Lazuz-en Baktana obra, malabarista eta akrobata baten arteko topaketari buruzkoa; The Black Blues Brothers-en Let’s twist again musika-ikuskizun komiko-akrobatikoa; eta giza espeziarekin bilakaera kontatzen duen Vaya konpainiaren Atempo zirku-ikuskizun garaikidea.

Bestalde, bestelako lanak ere izango dira ikusgai azokan: zirkua eta euskal musika tradizionala uztartzen dituen Zirkozaurreren Harreman; familientzako diziplina anitzeko eta testurik gabeko Izarren-hartza; Deabru Beltzak & Hortzmugaren Senta ontzi fantasma; Aukeran Dantza Konpainiaren Aiurri; dantza eta mugimenduaren bitartez genero-rolen inguruko gogoeta egiten duen Kimua Dantza Kolektiboaren genEroa, Ekaitz Goikoetxea sortzailearen eta bertako Andoni Aresti Dantza Eskolako dantzarien parte-hartzearekin. 

Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.