70eko hamarkadaren hasieran jaiotako emakumezko zuzendarien lana erakutsiko dute 'Euskal Emakume Zinemagileak’ zikloan

70eko hamarkadaren hasieran jaiotako emakumezko zuzendarien lana erakutsiko dute 'Euskal Emakume Zinemagileak’ zikloan Aste honetan 'Arnasa Betean' ikusi ahal izango da Donostian eta Gasteizen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/70eko-hamarkadaren-hasieran-jaiotako-emakumezko-zuzendarien-lana-erakutsiko-dute-euskal-emakume-zinemagileak2019-zikloan/@@download/image/emz.png
2023/10/04
Aste honetan 'Arnasa Betean' ikusi ahal izango da Donostian eta Gasteizen.
70eko hamarkadaren hasieran jaiotako emakumezko zuzendarien lana erakutsiko dute 'Euskal Emakume Zinemagileak’ zikloan

Euskadiko Filmategiak Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren hirugarren edizioa antolatu du, eta hamar film proiektatuko ditu Gasteizko Artium Museoan eta Donostiako Tabakaleran, urritik abendura. 70eko hamarkadaren hasieran jaiotako emakumeek egindako euskal zinemaren historiaren errepasoa egingo da, "zuzendari horien talentua eta lanak nabarmentzeko". Egileek beraiek aurkeztuko dituzte beren lanak ia emanaldi guztietan.

"Gaur egun emakume zuzendari euskaldunek osatzen duten basoa biziagoa eta oparoagoa da. Zabaldu egin da; baso aberatsagoa eta anitzagoa da. Landareak eta zuhaitzak indartsuagoak dira, eta osasuntsuago hazten dira. Eta humus emankorrak kimu berriak sorrarazten ditu. Sormenaren eta aniztasunaren ikur diren kimu sendoak. Atzera begira, oro har, euskal zinemaren paisaiari erreparatzen badiogu, zalantzarik gabe, aldaketa erradikalak ikusiko ditugu. Eta, akaso, aldaketa garrantzitsuena, hain zuzen, ekoizpen eta errealizazio zinematografikoaren eremu guztietan emakumeen presentzia gero eta handiagoa da. Agerian daude, asko dira eta haien lana oso garrantzitsua da", azaldu dute.

Zinemaldian estreinatu zen Arnasa betean (2023) lanak emango dio hasiera programazioari, urriaren 5ean eta 6an. Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufiak zuzendutako dokumentalak emakumeek egindako zinemaren iraganari eta orainari buruzko ikuspegi panoramikoa eskaintzen du. El sueño de la sultana (2023), Isabel Hergueraren lehen film luzea, Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Sail Ofizialean lehiatu den animaziozko filma da, eta hilaren 19an eta 20an emango dute. 

Helena Bengoetxearen Matrioskas. Las niñas de la guerra (2021) filmak gerrako ume izan ziren emakume batzuen erretratua erakusten du. Bestalde, Estela Ilárraz Madrilen bizitza hobe baten bila dabiltzan ekuadortarrarengana hurbildu da Proxima estación (2007) lanean. Horretaz gain, Jone Karresek begirada berdintasunaren aldeko borrokan jartzea proposatuko digu Hondarribia eta Irungo festak hizpide dituen Alardearen seme-alabak (Eneko Olasagastirekin batera zuzendua) lanean.

Izaskun Arandiaren My Way Out-ek (2022) Londresera eramango du ikus-entzulea, dokumentalari izena ematen dion aretoaren 30. urteurrena ospatzeko. Hiriko trans komunitateak babestu eta askatasunez adierazteko aukera izan zuen bertan. Iurre Telleria eta Enara Goikoetxea Comète sareak Bigarren Mundu Gerran egindako lanera hurbildu dira Azken bidaia (2011) luzean. Eta Pelota II (2015) filmean, Olatz Gonzalez de Abrisketa zinemagile eta antropologoak (Jørgen Leth danimarkarrarekin batera) pilota partidetako materialaren aukeraketan jarriko du arreta.

Euskal Emakume Zinemagileak III zikloari amaiera emateko, Iratxe Fresnedaren Irrintziaren oihartzunak (2016) filma eskainiko da. Lanak Mirentxu Loyarte, euskal zinemaren aitzindarietako bat, aldarrikatzea du helburu. Azkenik, Leire Apellanizek udako zinemetako azken abenturazaleetako bati buruz dihardu El último verano (2016) filmean.

Hemen kontsulta daitezke filmen eta emanaldien inguruko xehetasunak.