7.680 metroko sakonerara iristea lortu duen lehen emakumea: Valeria Cortés zientzialari txiletarra
Valeria Cortés Rivas zientzialaria 7.680 metroko sakonerara heldu da Atacamako itsas-hobian, eta itsas hondoko puntu horretara iritsi den lehen emakumea bihurtu da. Cortés Unibertsitate Katoliko Pontifizioko akademikoa eta Ozeanogafiako Milurteko Institutuko ikertzailea da.
Joan den urtarrilaren 23an izan zen, Txina eta Txileko ikertzaileak itsasoaren punturik sakonenak esploratzeko egiten ari diren espedizioaren baitan. Fendouzhe urpeko ontzian jaitsi zen, ozeanoa esploratzeko ontzirik aurreratuenetako batean. Zientzialariak 08:20an ekin zion jaitsierari eta 19:04an itzuli zen azalera. Beraz, hamar ordutik gorako jarduna izan zen, muturreko presio eta iluntasun baldintzetan.
"Jaisten ari nintzen heinean, hamabost zentimetroko leiho txikitik ikusten nuen iluntzen ari zela. 200 metrotan ilun dago eta artean bi orduko jaitsiera geldoa nuen aurretik", azaldu du txiletarrak.
Mundu mailako errekorra lortu duen arren, zientzialariak lorpena gauzatzeko beharrezkoa izan den taldea eta emakumezko ikertzaileen arteko elkarlana nabarmendu nahi izan du: "Lehen emakumea baino, horrelako espedizio talde batan lehenengo emakume taldea garela azpimarratzea gustatzen zait. Nire lankide txiletar eta txinatarrekin batera partekatzen dut emozioa eta elkar babesten dugu urrutira iristeko".
Espedizio honen helburua "arroken laginak biltzea da, plaka tektoniko bakoitza zer materialez osatuta dagoen jakiteko. Era berean, faila geologikoak ikustea espero dugu, sistema nola deformatzen ari den identifikatzeko. Hori aztertuta, lurrikaren, tsunamien eta ziklo sismikoaren ereduak hobetuko ditugu", azaldu du.
