69. Donostiako Zinemaldirako proposamenak!

69. Donostiako Zinemaldirako proposamenak! Azkenik iritsi da zinemazaleok elkartzeko aitzakia paregabea izaten den Donostiako Zinemaldia. 69. edizioa izango den honetan, errenka luzeetan urtero topatzen ditugun ilara-lagun horiekin berriro elkartzeko unea iritsi da. Kafea bidelagun banaezina alboan hartu eta goizaldeko 1:00etan film errusiar bat ikustetik atera ostean, hurrengo goizean 8:00etan ilaran berriro jarri eta drama errumaniar bat ikusteko gogoa pizten duen jaialdi bakarra izango da ziurrenik. Sarrerak igandean (irailaren 12an) jarriko dituzte salgai. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/69-donostiako-zinemaldirako-proposamenak/@@download/image/Sin título-1.jpg
2021/09/08

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Azkenik iritsi da zinemazaleok elkartzeko aitzakia paregabea izaten den Donostiako Zinemaldia. 69. edizioa izango den honetan, errenka luzeetan urtero topatzen ditugun ilara-lagun horiekin berriro elkartzeko unea iritsi da. Kafea bidelagun banaezina alboan hartu eta goizaldeko 1:00etan film errusiar bat ikustetik atera ostean, hurrengo goizean 8:00etan ilaran berriro jarri eta drama errumaniar bat ikusteko gogoa pizten duen jaialdi bakarra izango da ziurrenik. Sarrerak igandean (irailaren 12an) jarriko dituzte salgai.
69. Donostiako Zinemaldirako proposamenak!

Gomendioetan sartu aurretik, abenturarako animo gutxirekin bazaudete, urteroko ohar berbera emango dizuet: kontuz Sail Ofizialarekin. Mundu mailan ekoitzi diren eta estreinatu ez diren film luzeen aukeraketa den hau, benetako loteria bat izan baitaiteke. Polita da bertan murgiltzea, baina baditu bere arriskuak...Ez duzula arriskatzeko batere gogorik? ‘Perlak’ sailean murgiltzea gomendatzen dizut orduan, hemen estreinatu ez diren urteko film luze eta nabarmenenen aukeraketa izaten baita. Sail honetako filmek, kritikaren txaloak eta sariak jaso dituzte nazioarteko beste zinemaldi batzuetan. Ideia bat egiteko, azken urteetan sail honetan ikusi ahal izan ditugu: Nomadland, The Father, Inglorious Basterds, Gravity, Children of men, Prisoners, Argo, Three Billboards, Little miss sunshine eta Babel besteak beste. Egiari zor, film guzti hauen ibilbide komertziala askoz luzeagoa izaten dela ere esan behar dizut (sarritan iritsi dira Oscar sarietara ), eta ziur, zinema aretoetan ikusteko aukera gehiago izango duzula. Nire gomendio garrantzitsuena beraz: Arriskatu eta gozatu ahalik eta gehien!

Tira, gomendio hori beste baterako gorde nahi baduzu eta segurola familiako kide bazara, hemen duzue nire aurtengo aukeraketa. Filmei txori-bista egin eta ikusteko modukoak iruditzen zaizkidan  filmak gomendatuko dizkizut. Izan ere, Zinemaldiaren berezko xarma hori, bi ahoko ezpata bat izan daiteke: ezezagunak diren film eta ekoizpenetan murgiltzean, ezusteko maisulanak aurkitu ditzakezu, baina baita film nekagarri eta aspergarriak ere.

 

ARRISKUA GUSTUKO BADUZU (baina ez gehiegi)

 

'Yi miao zhong'

Sail Ofiziala


Zhang Yimou zinegile txinatarra, azken urteotako zuzendari txinatar ospetsuenetakoa, estreinakoz lehiatuko da Sail Ofizialean.  Zinemari eskainitako omenaldi berezia da Yi miao zhong bere film berria, eta Iraultza Kulturalaren erdian lan-esparru batetik ihes egin eta hainbat urtean ikusi gabeko alabaren irudi batzuen bila abiatuko den gizon bat du protagonista. Wei Fan eta Yi Zhang antzezleek egin dituzte filmeko pertsonaia nagusien rolak.

'Arthur Rambo'

Sail Ofiziala


Ressources humaines 
(1999) filmarekin,  Zinemaldiko New Directors Saria eskuratu zuen Laurent Cantetek, eta ordutik hainbat film aurkeztu ditu Perlak zein Sail Ofizialean. Arthur Rambo izeneko filma dakarkigu oraingoan: Rabah Naït Oufella aktoreak idazle arrakastatsu bat antzezten du bertan, zeinak iraganean sare sozialetan argitaratu zituen gorroto-mezuen itzalaren aurka borrokatu beharko duen.

'Earwig'

Sail Ofiziala


Lucile Hadzihalilovic epe uzten ez duen zinegile horietakoa da, Earwig obrarekin itzuliko da Donostiara: Brian Catling idazlearen eleberriaren egokitzapen honek Alberten istorioa kontatzen du, izotzezko hortzak dituen Mia izeneko neska zaintzen lan egiten duen gizonarena. Hadzihalilovicek New Directors Saria eskuratu zuen Innocence (2004)filmarekin, eta, ondoren, sail horretako bertako epaimahaikide izan zen. Halaber, Donostian aurkeztuak ditu Zabaltegi-Tabakaleran edota Sail Ofizialean.

'El buen patrón'

Sail Ofiziala


Fernando León de Aranoa zinegile espainiarrak hirugarrenez hartuko du parte Sail Ofizialean El buen patrón  kontakizun tragikomikoarekin. Laneko harremanei zein tratu pertsonalei buruzko begirada basatia eskainiko du bertan. Protagonista nagusia Javier Bardem.

'La Abuela'

Sail Ofiziala


Beldurrezko generoan trebatutako Paco Plaza valentziarra, ostera, lehen aldiz lehiatuko da La Abuela proiektuarekin; Carlos Vermutek idatzi du istorioa Plazaren jatorrizko ideia batean oinarrituta.

'Maixabel'

Sail Ofiziala


Urtero sortzen dira polemika txiki zein handiak zinemaldian, eta gaiari erreparatuz gero, aurtengo proposamen-polemikoa hau izan liteke. Blanca Portillo eta Luis Tosar aktoreak buru dituen Icíar Bollaín zinemagilearen 11. film luzea da Maixabel, ETAk hildako Juan Mari Jauregi politikariaren alargunaren historia hizpide duen proposamena. 

'The Eyes of Tammy Faye'

Sail Ofiziala


Michael Showalter zuzendaria ere aski ezaguna da, azkenaldian komedia erromantiko nahiko interesgarriak sortu dituelako batik bat (The Big Sick eta Love telesaila besteak beste).Telebistako ebanjelista estatubatuar ospetsu baten gorakada eta erorketa jasotzen ditu film berri honek, eta Jessica Chastain (ekoizlea eta protagonista nagusia), Andrew Garfield eta Vincent D’Onofrio aktoreek hartu dute parte bertan.

'Quien lo impide'

Sail Ofiziala


Jonás Trueba-ren proposamen berria da honakoa. Gazte nerabeengana hurbiltzeko helburuz, ohiko formatua gainditzen duen proiektu zinematografikoa da Quien lo impide egitasmoa. Zinema murgiltzailea, esperimentatzeko bidea ematen duena da. Dokumentalaren, fikzioaren eta lekukotasun-erregistro hutsaren arteko lan honetan nerabeak diren bezala azaltzen dira, baina gutxitan ikusi ohi ditugun edo ikusten uzten diguten moduan.

'Mass'

Zuzendari Berriak


Fran Kranz aktore estatubatuarrak Sundancen aurkeztutako Mass filmarekin hartuko du parte. Barkamenari eta erruari buruzko lanean Reed Birney, Ann Dowd, Jason Isaacs eta Martha Plimpton antzezleak dira nagusi.

'Una película de policías'

HORIZONTES LATINOS


Esperimentu dokumental eta narratibo honen helburua Mexikoko erakunderik eztabaidatuenetako bat, alegia polizia, salatzen saiatzea da, baita justizia-sistema txikitzen duen zigorgabetasunaren kausak erakustea ere. Alonso Ruizpalacios mexikarraren Una película de polícias, Berlinalean Urrezko Hartza lortzeko lehiatu zen.

 

segurola familiako kidea bazara

 

'Doraibu mai kâ (Drive my car)'

Perlak


Ryusuke Hamaguchiren Drive My Car  emanaldi berezi gisa proiektatuko dute. Cannesko FIPRECSI saria eta gidoi onenarena eskuratu zituen Haruki Murakamiren kontakizun labur batean oinarritutako proposamenak.

'Competencia oficiaL'

Perlak


Gastón Duprat eta Mariano Cohn zinemagileen Competencia oficial komediak Perlak saila zabalduko du, Veneziako Mostran parte hartu ostean. Zinemaren munduan girotutako tragikomedian Penélope Cruz, Antonio Banderas eta Óscar Martinezek antzeztuko dituzte pertsonaia nagusien paperak.

'Petite maman'

Perlak


Céline Sciamma zinemagilearen Petite Maman proposamena ere Berlinen lehiatu zen iragan otsailean, eta bi neskatoren arteko adiskidetasuna du aztergai. 2021eko ezinbesteko film horietakoa.

'AMA'

Made in Spain


Amatasun mitifikatuaren eraginpean bakardadean bizi diren emakume askoren istorioa da. Pepa eta bere alaba Leila etxetik bota dituzte.

'Red Rocket'

Perlak


Sean Baker zinemagilearen Red Rocket luzea ere Cannesen lehiatu berri da, eta helduentzako zinema  -alegia pornoa- egiten duen aktore batek Texas sorterrira egingo duen itzulerako bidaia izango du hizpide. Ezinbestekoa hau ere.

'Les Intranquilles (The Restless)'

Perlak


Joachim Lafosseren The Restless, gaixotasun mentalek bikote harremanetan duten eraginari buruzko hausnarketa, Cannestik igarotakoa, baita ere.

'The French Dispatch'

Perlak


Egunkari estatubatuar baten erredakzioan girotuta dago Andersonen The French Dispatch film berria. Bill Murray, Frances McDormand, Timothee Chalamet, Elisabeth Moss, Owen Wilson eta Saoirse Ronan bezalako Hollywoodeko aktoreek osatutako zerrenda amaigabeak hartu du parte proiektuan, eta filma kazetaritzaren inguruko maitasun-guna da. Andersonek aurrenekoz hartuko du parte Perlak sailean, aurrez Rushmore (2012) eta Fantastic Mr. Fox (2009) filmak Zinemaldiko atzera begirakoetan ikusgai izan diren arren.

'The Power of the Dog'

Perlak


Veneziako Zinema Jaialdian sekulako kritikak bereganatu dituen filma, hein handi batean Benedict Cumberbatch  aktore ezagunak burutzen duen lan ikaragarriaren ondorioz. Thomas Savageren eleberri izenkidean oinarritutako The Power of the Dog filmaz ari naiz, Jane Campion entzutetsuak zuzendua. Benedict Cumberbatch eta Jesse Plemos aktoreek antzeztutako anaien arteko liskarra du hizpide, eta Kirsten Dunst eta Kodi Smit-McPhee antzezleek osatu dute aktore zerrenda.

 

DOKUMENTALAK MAITE BADITUZU

'Pandemic Tour 2020 Belako'

Zinemira


Belako musika taldeak 2020an eskaini behar zuen nazioarteko bira pandemiagatik bertan behera geratu ostean, kideek bizi izandakoak jasotzen dituen Hernán Zin zinemagile argentinarraren dokumentala.

'Fantasía'

Zinemira/ lehiaz kanpo


Aitor Merinok Malagako zinema jaialdian aurkeztu zuen Fantasía dokumental hunkigarria.

'The Velvet Underground'

Perlak


Toddy Haynes zinegile bikainaren The Velvet Underground dokumentalak itxiko du Perlak saila, lehiaketaz kanpo, Cannestik etorri berritan. Lou Reed buru zuen rock-talde ospetsuaren garrantzia du aztergai ikus-entzunezkoak.

'No somos nada'

Zinemira


Javier Corcuera zinemagileak La Polla Records talde mitikoaren azken biraren inguruan eginiko dokumentala. Sailaren irekiera filma.

 

"GORA EUSKAL ZINEMA" ETENGABE OIHUKATZEN BADUZU

'Aztarnak'

Zinemira


Aztarnak
, amatasunaren bidaiak dakarrenari buruz Maru Solores zinemagileak prestatutako dokumentala. Zinemira Sailaren itxierako filma izango da.

'El radioaficionado'

Zinemira


Iker Elorrietak autismoa duen 30 urteko Nikolasen inguruan osatutako istorioa.

'Kuartk Valley'

Zinemira


2005ean Arabako Kuartango haranean filmatutako Algo más que morir lehen euskal westerna ardatz duen Maider Oleagaren dokumentala.

'Bolante baten historia'

Zinemira


Iñaki Alforja eta Iban Toledo sortzaileek 80ko hamarkadaren hasieran desagerrarazi zuten Komando Autonomo Antikapitalistetako kide José Miguel Etxeberria Álvarez Naparra-ren senideen bizipenei buruz egindako dokumentala.

'Heltzear'

Zabaltegi-Tabakalera

 
Film laburra den arren, aukeraketan sartzea garrantzitsua iruditu zait sekulako ohiartzuna lortzen ari den lana delako. Mikel Gurrea zinemagile donostiarrak zuzendu du eta 2021eko Kimuak katalogoan aukeratua izateaz gain, Veneziako Orizzonti sailean lehiatu da. Euskaraz entzun ahal izan den historiako lehen ekoizpena.

 

proposamen desberdinak ikusteko gogoz bazabiltza

'Titane'

Perlak


Urteko film polemikoena izan daitekeen honek hautsak harrotu ditu aurtengo Cannes Zinema Jaialdian. Julia Ducornau frantziarraren Titane, Cannesko zinemaldiko sari nagusia eskuratu duen lana, emanaldi berezi gisa eskainiko dute. Agathe Rouselle eta Vincent Lindon protagonista dituen genero-nahaspila sailkaezina. Ziur nago ez zaituela axolagabe utziko.

'O gemer'

Zinemira


Xabier Erkiziak zuzendari gisa osatutako lehen luze esperimentala, euskal idi-gurdien soinu bitxiaren bidaia geografiko eta historikoa.

'Benedetta'

Perlak


Paul Verhoeven zinegilearen lan berria. Italia, XVII. mendea. Benedetta Carlini Toskanako Pesciako komentura iritsi ostean,  gaztea zenetik mirariak egiteko gai dela esaten du... Judith C. Brownen "Immodest Acts: The Life of a Lesbian Nun in Renaissance Italy (Studies in the History of Sexuality)" eleberriaren egokitzapena.

'Bad Luck Banging or Loony Porn'

Zabaltegi-Tabakalera


Errumaniatik datorkigun film bitxi honek, gizabanakoaren eta gizartearen arteko harremana aztertzen du, bigarren hezkuntzako irakasle batek webgune batean pornografia amateurreko bideo pertsonal bat argitaratzen duenean gertatzen dena erakutsiz. Bere erabakiaren ondorioek eragin sakona izango dute berarengan eta lan egiten duen hezkuntza-komunitate osoan.

'Vortex'

Zabaltegi-Tabakalera


Gaspar Noé izena entzutea nahikoa argudio iruditzen zait  bere proposamenetara tentu handiz gerturatzeko. Dementzia duten adineko bikote baten azken egunak islatzen ditu lan berri honetan, beti ere bere zigilu pertsonala txertatuz.

'Un monde'

Zabaltegi-Tabakalera

 
Nora protagonista, lehen hezkuntzan sartuko da, bere anaia zaharrenak, Abelek, jasaten duen jazarpenaren berri izango duenean. Bullying-a eta eskola jazarpena ardatz dituen filma.

SOPRESAK MAITE BADITUZU...

'FILM SOPRESA'

2019an Zinemaldiak ustekabeko film bat programatzeko ohitura zaharra berreskuratu zuen. Todd Phillipsen Joker izan zen 67. edizioa zen horretan aukeratu zuten filma, eta iaz, Abel Ferrararen Sportin’ Life izan zen hautatua. 69. edizioa amaitu baina ordu batzuk lehenago egingo dute proiekzioa, irailaren 25an. Victoria Eugenia Antzokian izango da, 16:00etan, eta egun batzuk lehenago iragarriko dute filma. Zein izango ote da? Honakoak nire apustuak: