64 lan proiektatuko dira Bilboko Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdian
Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren 15. edizioa abiatuko da gaur eta hilaren 26an bukatuko da, sari banaketarekin. Jaialdiak, ikus-entzunezkoen bidez, gizarte kritikoa bultzatzea du helburu, askotariko errealitate ikusezinetara hurbilduz.
54 herrialdetako 64 lan ikusi ahal izango dira, horietatik zazpi euskaraz. Hegoafrika, Kongoko Errepublika demokratikoa, Kolonbia, Brasil, Errusia, Kuba, Belgika, Guatemala edo Euskal Herriko zinemagileak izango dira euren lanak aurkezten. Proiekzioak Golem Alhóndiga-Azkuna Zentroan egingo dira, eta Bizkaiko beste egoitza batzuetan eta batxilergoko eta heziketa profesionaleko beste hamasei institututan ere ikusi ahal izango dira.
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. Urteurrenaren aitzakian, urriaren 20an eta 23an NATAXIK dokumentala aurkeztuko da Bilbon eta Gasteizen. Oroimenean barrena egindako bidaia da, eta protagonistaren bitartez, Guatemalako iraganeko eta egungo istorioak erakusten dira, barne gatazka armatuan hildako eta desagerrarazitako biktimen senideen ahotsen bidez.
Proiekzioen inguruko informazioa hemen kontsulta daiteke.
