64 bertsolari arituko dira bat-batean Arabako bertso kuadrilla arteko txapelketan
Bi urtez behin jokatzen da Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa eta aurtengoa zazpigarren edizioa izango da, urtarrilaren 27tik martxoaren 25era. Bi modalitate izango dira: bat-batekoa eta idatzizkoa.
Bat-batekoari dagokionez, hamabi talde osatu dira. Guztira, 9-12 laguneko taldeek parte hartuko dute: 3-6 bertsolari arituko dira kantuan eta horiekin batera, gai-jartzaileak, epaileak, argazkilariak, grabatzaileak eta sukaldariak izango dira. Aurten, guztira, 64 lagun ariko dira bertsotan, 16 epaile lanetan, 16 lagun gai-jartzaile beharretan, eta gainerakoak bestelako funtzioetan. Eskualde hauek parte hartuko dute: Aiaraldea, Arabar Errioxa, Mendialdea, Lautada (bi talde), Gorbeialdea (lau talde) eta Gasteiz (hiru talde).
Idatzizko modalitatea ere antolatu dute eta hamasei taldek izango dira bertan: Gazte Asanbladak, Mintzalagun taldeak, lagun kuadrillak, bertso eskolako kideak... Bertsoak prestatu, idatzi eta jende aurrean edo jendearekin batera kantatuko dituzte. Arabako zortzi eskualdetako ordezkariek parte hartuko dute bertso jarrien modalitatean, bat-bateko saioak egiten direnean.
Egutegia
Kanporaketan hamabi saio izango dira, finalaurrekotan hiru eta, azkenik, finala. Kanporaketei dagokienez, hauek izango dira hitzorduak: urtarrilaren 23an, bi saio Gasteizen eta bat Oionen; urtarrilaren 29an, Laudion; otsailaren 3an, Gasteizen; otsailaren 4an, Aramaion eta Agurainen; otsailaren 5ean, Narbaizan; otsailaren 10ean, Aramaion; otsailaren 11n, Murgia eta Corresen.
Finalaurrekoak, berriz, hauek izango dira: otsailaren 26an, Aguraingo Zabalarten; martxoaren 4an, Bastidako Kultur Etxean; eta martxoaren 12an, Murgian, Zuiako udaletxean. Finala Laudion izango da martxoaren 25ean.


