5W*

5W* https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/06/10
erreportajea
Zuriñe Maguregi @zmaguregi
5W*
Esaten dute kazetariaren lana galderak egitean datzala –bost ‘w’ bikoitzen araua, you know– eta bere ogibideak erantzunak topatzea duela helburu. Modu honetan, zer aurkituko duen jakin gabe, bideari ekiten dio, nora iritsiko den jakin gabe. Horregatik, irakurle maitea, itsasargirik gabeko editorial honetan, buruan darabilzkidan galderei erantzuna emateko zure laguntza beharko dut:

ZER da aitzindari izatea? Berritzailea? Trasgresorea? Ausarta? Ausartegia? Momentura arte inork egin ez duen zerbait egiten lortzea? Dagoeneko zehaztuta dagoen bidea jarraitzeari uztea? Ala erroetara itzuliz, lehengo baloreak berreskuratzen saiatzen dena?

NOR da aitzindari bat? Trasgresorea? Ekintzailea? Inkontzientea? Langilea? Miresgarria? Isolatua? Soziala? Ero bat?

Eta zein momentutan pasatzen da inork ulertzen ez duen pertsona berezi bat aitzindari izatera? NOIZ iristen da gizartearen onarpena? Ideiak bideragarritasun ekonomikoa lortzen duenean? Enpresa handiago batek erosten duenean? Hedabide batek orrialde bat eskaintzen dioenean?

NOLA aurre egin orri txuria bete ezinaren beldurrari? Nola gainditu besteok gutaz espero dutena ez lortzearen bertigoa? Zein da arrakasta kudeatzeko modu egokia? Eta nola onartu egun batean hasitako abenturak amaiera bat duela?
 
Egindako apustuaren porrot probabilitatea neurtzeko aukerak faltan, NON dago hartutako erabakiaren ondorioak onartzeko muga? Zein gordeleku izaten da seguru porrotaren itzala gure bila dabilen bitartean ezkutatzeko? Eta zein tokitan hartuko dugu atsedena arrakastaren zamak bizkarra uzkurtzen digunean?

ZERGATIK hasi bermerik gabeko proiektu bat? Zer dela eta sentitzen dugu gure akatsak beste batzuentzako ikasketa izango direlaren poza?

Ezerezetik hasteko prest?

*Who? What? Where? When? Why?



Pili Aguado
www.piliaguado.com