51 zentimetro neurtzen dituen behia

51 zentimetro neurtzen dituen behia Rani du izena eta Bangladeshekoa da munduko behirik txikiena. Turista asko erakarri ditu nanismoa duen animaliak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/51-zentimetro-neurtzen-dituen-behia/@@download/image/rani garbi.png
2021/07/23

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Rani du izena eta Bangladeshekoa da munduko behirik txikiena. Turista asko erakarri ditu nanismoa duen animaliak.
51 zentimetro neurtzen dituen behia

Ehundaka turista gerturatu dira azken egunotan Bangladesheko Charigram herrira Rani behia ezagutzeko. Rani izenak 'erregina' esan nahi du eta pareko arreta jasotzen ari da azkenaldian bere tamaina dela eta. Munduko behirik txikiena dela esan liteke, 60 zentimetro baino gutxiago neurtzen baititu, espezie bereko kume jaioberri askok baino gutxiago. 51 zentimetroko altuera, 66 zentimetroko zabalera eta 26 kilo inguruko pisua ditu. Ez dute uste 23 hilabeteko animalia gehiago haziko denik baina azken urtean ia 7 kilo irabazi omen ditu. 

Rani nanismoarekin jaio zen mutazio genetiko arraro baten ondorioz. Arraza batzuetan hilgarria izan daiteke hori eta kasu batzuetan DNAko arazoek eragiten dute. Ganadu arraza batzuetan herentziazko gaixotasuntzat hartzen dute baina Raniren bhutti arrazan nanismoa ez omen da ohikoa. 

M.A. Hasan Howlader nagusiaren asmoa Rani ahalik eta osasuntsuen mantentzea da ahal bezain luzaroan, bere egoerak osasunean eragiten badio ere. Nanismoa duten behiek infekzioak izateko joera handiagoa izaten dute, buru motz edo zabalak, arrakalak ahosabaian, arnasestua edota artikulazio bigunagoak. 

Oraindik ez du munduko behi txikiena izatearen aitortza ofizialik lortu baina egun munduko errekorra duenak baino hamar zentimetro gutxiago ditu 2019an jaiotako Ranik. Munduko Guinness Errekorra izendatzeko prozedura abiatu dute eta eskaera aztertzen ari dira. 

Natura-hondamendien inguruko albisteengatik izaten dugu inguru horietako berri baina oraingoan Rani behiak sorrarazi ditu albisteak. Oihartzun handia izan du eta, nagusiaren arabera, ia 15.000 pertsona hurbildu dira hiru egunetan. Gerturatu diren bisitari kopurua ikusita, neurriak hartu behar izan dituzte eta aldez aurretik txanda hartu behar izaten da orain behia ikusteko. Pandemia garaian egonik, egunean 10 pertsonak bisita dezakete Rani. Horretaz gain, hiru zaindari ere ipini dizkiote. Birus kontuengatik ez ezik, animaliaren lasaitasun eta ongizateagatik ere hartu dute erabakia, behiak ez omen du-eta ezezagunez inguratua egotea gogoko. Bere jabeak adierazi duenez, "ez da jende artean egotekoa eta nahiago du espazio zabaletan bazkatzen ibiltzea". Guztiz ulertzekoa, ezta?