50 urte bete dituzte kontsolek

50 urte bete dituzte kontsolek Bideo-jokoen industria gorakada etengabean dago. Kontsolak egungo gizartearen sinboloetako bat bilakatu dira eta, jada, 50 urte bete dituzte! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/50-urte-bete-dituzte-kontsolek/@@download/image/yupiramos180209182.jpg
2022/05/13

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Bideo-jokoen industria gorakada etengabean dago. Kontsolak egungo gizartearen sinboloetako bat bilakatu dira eta, jada, 50 urte bete dituzte!
50 urte bete dituzte kontsolek

Orain dela 50 urte lehenengo kontsola merkaturatu zen. Mgnavox Odyssey 1972. urteko irailean kaleratu zen. Sekulako iraultza izan zen entretenimenduaren munduan.



Bere zehaztapenak, ordea, ez ziren oso harrigarriak, ez zuen ez kolorerik, ez eta soinurik ere. Marra bertikal bat eta hiru puntu ikusi zitezkeen pantailan, egungo kontsola hiperrealistetatik urrun. Hiru puntu horietako bi jokalariek kontrolatu zitzaketen, hirugarrena berriz Odyssey kontsolak kontrolatzen zuen. 

Bere aukerak mugatuak baziren ere, domino efektuko lehen pieza izan zen, egungo aparatuetaraino iritsi arte. Esperotako arrakasta eskuratu ez bazuen ere, Ralh Baer, bere sortzaileak, Nolan Bushnell-i, pribatuan, aparatuaren funtzioak erakutsi zizkion. Azken honek, gailuan hobekuntza batzuk egin zituen eta Atari izenarekin bere kontsola merkaturatu zuen urte berean. 

Industria berri bat jaio zen orduan. Fairchild Channel F (1976) kontsolak ROM kartutxoak erabili zituen lehengo aldiz bideo-jokoetan. Honela, jokoa hardware-an biltegiratzen zuen. Honek, kontsolen hardware-a hobetzeko lehiari bidea ireki zion, txipak hobetuz eta joko berritzaileagoak sortuz. 

1978. urtean inflexio puntua gertatu zen bideo-jokoen industria gaztean. Lehengo krisia pairatu zuten. Esperotakoak baino salmenta urriagoak izan zituzten eta aktore berriak gehitu ziren merkatura: Taito eta Namco bideo-joko garaitzaileak, baita Sega, eta Nintendo ere. Azken hauek, bideo-jokoak garatzeaz gain, hauek erabiltzeko gailuak ere sortzen hasi ziren. 



1979. urtera arte, kontsolen merkatuaren liderra Atari izan zen. Urte horretan ordea, Mattel erakundearen Intellvision kaleratu zen 16 biteko bihotzarekin (Atarik 8 bit zituen). Bita informazioaren unitate minimoa da. Kontsola batek zenbat eta bit gehiago izan, informazio gehiago biltegiratu eta kudeatu dezake. Laburbilduz, zenbat eta bit gehiago, prozesamendurako gaitasun handiagoa, irudi hobea eta azkartasun handiagoa. 

1982ko ekainean hirugarren lehiakide bat sartu zen gudara: Coleco, bere ColecoVision.ekin. 8 biteko kontsola bazen ere, merkatuan sekulako arrakasta izan zuen hainbat arcade joko eguneratu baitzituen. Gainera, diseinu ona eta kalitatea eskaintzen zituen, jokalarien esperientzia hobetuz. 

Modu honetan, 80. hamarkadako lehen urteetan Coleco, Mattel eta Atari ziren bideo-jokoen merkatuaren buru. Apurka, ordea, beste lehiakideei lekua utzi behar izan zieten. Garai honetan lehenengo kontsola mugikorra merkaturatu zen Milton Bradley (MB) jostailu fabrikatzaileak garatua. 

Aldi berean, Nintendo ere kontsola portatilak garatzen zebilen. Game & Watch deitutakoa hamarkada honetan kaleratu zen. Erakunde japoniarrak LCD pantailak erabili zituen eta teknologia honegatik gailuaren neurria txikitzea lortu zuen. Hemendik abiatuta iritsi ziren 1988an Game Boy deitutako kontsola mugikor ezagunak. 



90. hamarkada "biten gerra" bezala ezagutzen da kontsolen munduan. 1989. urtean Segak Mega Drive kaleratu zuen, 16 bitetako bihotzarekin. Nintendoren erreakzioa berehala iritsi zen, urte berean Super NES kaleratu baitzuen. 

1994. urtean PlayStation iritsi zen eta beste iraultza bat eragin zuen. 32 bitetako prozesadorea txertatzeaz gain, CD-ROM bat ere gehitu zion. 



Honela, Atari Jaguar eta Sega Saturn-ek euren gailuak eguneratu zituzten, baita Nintendo 64ak ere, nahiz eta azken honek ez zion CD-ROMa txertatu. Honela, gailu hauek 3Dko irudietara iritsi ahal izateko bidea hasi zuten. 


XXI. mende honetan berriz, Sega merkatutik atera zen, PlayStation 2-a eta Nintendo Game Cube merkaturatu zirenean, 2000. urtean. 2001. urtean, ordea, beste lehiakide batek bete zuen hutsik zegoen postua: Microsoft-en Xbox-ak. 



2005. urtean Xbox 360 merkaturatzen zen, lehena 256 bitekin! Urtebete beranduago PlayStation 3 iritsi zen, 256 bitekin hau ere. Ondoren Nintendo-ren Wii azaldu zen, nahiz eta 128 biteko potentzia izan. 

2013. urtean, PlayStation 4-ak bere kontsola Internetarekin lortu zuen eta etxe askotan entretenimendu gune nagusi bilakatu da ordutik.

 
Nintendo Switch izan zen, ordea, 2017an, kontsolen erabateko digitalizaziorako bidea ireki zuena. 2019an, beste lehiakide bat sartu zen jokoan, Google-en Stadia. Errealitate birtuala ere badator da eta kontsolak prest daude horretarako, erabiltzeak ere prest al daude?