50 kontzertu izango dira Durangoko Azokako Ahotsenea gunean
Durangoko Azokako Ahotsenea gunean 50 kontzertu antolatuko dituzte abenduaren 4tik 8ra bitartean. Egunero hamar kontzertu eskainiko dituzte, goizeko 11:00etatik 22:00ak arte. Kontzertuak Plateruenan izango dira, azokako musika emanaldietarako irekiko baita berariaz. Sarrera doakoa izango da eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea, beraz, edukiera bete arte sartu ahalko da bertara.
Musika-estilo askotariko talde edo bakarlariak igoko dira Ahotseneako agertokira: rock, pop, folk, hip-hop, trikitia, funk, reggatoia, flamenkoa... Guztiek ordu erdiko tartea izango dute euren lan berria aurkezteko. Zuzeneko guztiak streaming bidez eskainiko dira zuzenean, azokaren webgunean.
Honako musikariek joko dute Ahotsenean, egunez egun:
- Abenduak 4: Bulego, Eneritz Furyak, Habia, Serge, Kaserna, Katez, Rolan Garces & Bandatze, Anita Parker, Addar eta Anari.
- Abenduak 5: Diabolo Kiwi, Lur Jota, Larrealde Trikitilariak, Kilimak, Skakeitan, Nikotina, Fufu, Kai Nakai, Sueder eta Lotura.
- Abenduak 6: Trigger, Jabi Patxon & Kofradia Beltza, Bixente Martinez, Hibai, Iker Martinez eta Zaldi Herrenak, Bengo, McOnak, Etxekalte + Habi, Iheskide eta Jiel.
- Abenduak 7: Ekiñe, Konpost, Esanezin, Willis Drummond, Vinilo Ridin' Rocket, Hegazkin, Estitxu, Wood Strings, Onki Xin eta Hipnosia.
- Abenduak 8: S.A.D., Birkit, Astoturfer, Nahiak Nahi, Liher, Klak!son, Giante, Madeleine, Screamers and Sinners eta Errietan.
Ahotseneako liburu aurkezpenen eta egitarauaren gainerako jardueren berri azaroaren 22an emango dutela iragarri dute.

