50 bertsolarik parte hartuko dute irailaren 19an hasiko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan
Lau urtez behin izan ohi da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa eta udazkenean izango da bueltan. 2022ko txapelketarekin alderatuta, sei bertsolari gehiago arituko dira aurtengoan: Arabako bi, Nafarroako bi eta Xilabako bi. Hori dela eta, saio bat gehiago izango du txapelketak lehen fasean, eta sei beharrean, zazpi izango dira.
Guztira 50 bertsolarik parte hartuko dute txapelketan. Hamalau lagun arituko dira gai-jartzaile taldean, eta epaile lanetan hogeita bat.
Lehen saioa Hazparnen jokatuko da irailaren 19an. Honako bertsolari hauek arituko dira kantuan: Eki Mateorena, Maddi Ane Txoperena, Miren Artetxe, Peru Abarrategi, Unai Anda eta Xabat Gallatebeitia.
Hurrengo astebukaeran, urriaren 26an eta 27an, Altsasun eta Lekeition izango dira saioak. Gainerako saioen datak eta kokalekuak, berriz, hauxek: urriaren 3an, Donapaleun; urriaren 4an, Tolosan; urriaren 10ean, Gotaine-Irabarnen; urriaren 11n, Agurainen; urriaren 24an, Larraun-Lekunberrin; urriaren 31n, Eibarren; azaroaren 7an, Gernika-Lumon; azaroaren 14an, Miarritzen; azaroaren 21ean, Donostian; azaroaren 28an, Gasteizen; eta abenduaren 5ean, Bilbon. Finala Iruñeko Nafarroa Arenan izango da abenduaren 20an.
Saioen inguruko xehetasunak hemen kontsulta daitezke.
Sarrerak ekainaren 17tik aurrera salgai
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako sarrerak ekainaren 17tik aurrera jarriko dira salgai bertsosarrerak.eus atarian, goizeko hamarretatik aurrera. Bertsozale Elkartearen bazkide direnek finalerako sarrera erreserbetatuta izango dute ekainaren 17tik 24ra. Txapelketa osoko bonoa erosteko aukera eta saio guztietarako beherapena ere izango dute.
