47 talde arituko dira Durangoko Ahotsenean abenduaren 7tik 11ra
Ahotsenearen hamabosgarren urteurrenaren aitzakian, bost eguneko "musika-maratoia" antolatu dute Durangoko Azokaren 57.ediziorako. Berrogeita zazpi musika-talde igoko dira Plateruenan egongo den Ahotseneako oholtzara, euren azken lanak aurkeztera, goizeko 11:00etatik gaueko 22:00ak arte, etenaldirik egin gabe.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, Goxua N'Salsa, Neomak, Agur, Janus Lester, Keia, Irtera, Mirua, Delirium Tremens, Willis Drummond edota Kokein taldeak arituko dira, besteak beste.
Rock eta pop doinuak izango dira nagusi Maraca Diablo, Zakill, Sua, Piztiak, Hibai, Kurkuma, Saia Goait, Ezpalak, Pasadena, Assata, Asla, Kyxo, Rukula, Rodeo, Dukkha, Fufu, Mice, Txost!, Orbel, Burutik,edo Kristonak taldeekin. Pop elektronikoa ere taularatuko dute Merina Gris eta Lumi taldeek, eta Bengok eta Odeik hip-hop doinuz jantziko dute oholtza. Bolbora eta Sutan taldeek ska-reggaea landuko dute, Mugan taldeak folk doinuak, eta Arima Soul bandak jazza eta soula.
Bakarlariei dagokienez, Olaia Inziarte, Ilargi, Peru Galbete, Esti Markez eta Watson izango dira. Ines Osinagak bere proiektu berria aurkeztuko du, eta Bilaka kolektiboak dantza eta musika emanaldi eskainiko du.
Kontzertuetarako sarrera doakoa izango da aforoa bete arte, eta ez da izena eman beharrik izango aurrez. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira musika emanaldiak, zuzenean, Durangoko Azokaren webgunean.

