40 bakarlari inguru batuko dira Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketan
Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketaren bigarren aldiz egingo da Bilbon. Hernanin hamabost aldiz egin izan da eta iaz egin zuten lehendabizikoz Bilbon, hogeita bi bakarlari eta bi talderen parte-hartzearekin. Aurten hogeita hemeretzi bakarlarik eman dute izena eta, ondorioz, bi egun eta bi agertoki izango ditu lehiaketak. Guztira, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 40 bat bakarlari arituko dira eta sarrera librea izango da.
Lehen zatia bihar izango da, 10:00etan, Bidebarrieta Kulturgunean. Hamabi urtetik beherako hemezortzi bakarlarik eskainiko dute euren emanaldia. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, 13 eta 17 urte bitarteko hamahiru txistulari arituko dira. Igandean, BBK Aretoan, azken kategoriakoak arituko dira, 10:30etik aurrera. 18 eta 25 urte bitarteko zortzi txistulari izango dira oholtzan. Parte hartzeko hurrenkera txapelketaren egunean bertan zehaztuko da, zozketa publiko bidez.
Epaimahaia, Maite Lomas, Maite Sagastibeltza eta Iker Larraurik osatuko dute, eta honako irizpide hauek izango dituzte kontuan puntuazioa ematerakoan: burutzapena, interpretazioa, soinuaren kalitatea, obraren zailtasuna eta emanaldia.
Sari-banaketa eta sorpresen zozketa eguneko interpretazio guztiak amaitu eta epaimahaiak erabakia hartu ondoren egingo da. Hiru kategorietako irabazleek diru-saria eta txapela jasoko dute, eta bigarren eta hirugarren postua lortzen dutenek, berriz, diru-saria eta garaikurra.
