4 itzal: sartu itzalen gelara

4 itzal: sartu itzalen gelara https://www.gaztezulo.eus/albisteak/4-itzal-sartu-itzalen-gelara/@@download/image/37p11-1.jpg
2004/01/02
erreportajea
Asier Mendizabal
4 Itzal talde gipuzkoarraren bigarren diskoa kalean da:  "Sartu". Taldekide guztien   ekarpenetatik jaio da diskoa.

Duela bi urte sortu zen 4 Itzal, gitarra jotzaile eta abeslari Xabiren ekimenez. Xabi Etzakit taldean ibilitakoa da eta folk-etik haratagoko proiektu bat abiatu nahi zuen. Beste hiru musikari elkartu zitzaizkion: Kashbad-eko Txiki, Sen-eko Haritz, eta Mugatik eta Utikan-eko Koldito. Hala eta guztiz ere, Haritz-ek taldea utzi zuen iaz, eta Gorka Sesma ari da gaur egun haren ordez. Bi urte hauetan taldea egonkortu egin da. Garai batean Xabik egiten zituen kantuak, baina bigarren diskoa guztien ekarpenen emaitza da. Bertan, rocka eta metal doinuak ederki uztartu dituzte.

Hamabi kantuk osatzen dute "Sartu" eta hitzetan gai pertsonalak ageri dira: sentimenduak, oztopoak gainditzeko beharra… Esan bezala, taldekideek egin ohi dituzte hitzak, baina oraingoan izen ezagunengana ere jo dute: Unai Iturriaga eta Mikel Peruarena idazlea eta Joni Ubeda kazetaria, besteak beste.

Baita bideoklipa ere

Irailean eta urrian grabatu zituzten kantuak Karlos Osinagarekin, eta Angel Katarainek nahastu ditu. Iazko udatik hona landutako abestiak bildu dituzte. "Ni orduantxe hasi nintzen taldean eta bilatzen ari ginen soinua lortu dugu", esan digu Gorka Sesmak. Kantuen arteko tarteetan soinuak grabatu dituzte; Kolditok sakeleko telefonoaren bidez egindako dei bat, esaterako.

Gainera, "Lagundu" kantuarekin egindako bideklip-a ere sartu dute diskoan. Iñaki Beraetxe aktore donostiarrak egin du bideoklip-a.

Hilabete batzuz isilpean pasatu ondoren, kontzertuak ematen hasi dira. Gorkak esan digunez, "zuzeneko emanaldiek aurrera jarraitzeko indar handia ematen digute eta, gainera, gure arteko harremanak sendotu egiten ditugu". Dena dela, bigarren lana aurkezteko bira martxotik aurrera egingo dute.