'3x4: Orain. Zinema, musika eta literatura argazki-liburuan' erakusketa jarri dute Donostiako San Telmo museoan

'3x4: Orain. Zinema, musika eta literatura argazki-liburuan' erakusketa jarri dute Donostiako San Telmo museoan Gabriela Cendoyaren bildumako hamabi argazki-liburu ditu abiapuntu erakusketa honek, eta beste hainbat artistak beren analisia eta begirada partekatu dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/3x4-orain-zinema-musika-eta-literatura-argazki-liburuan-erakusketa-jarri-dute-donostiako-san-telmo-museoan/@@download/image/STM-3X4Orain-aurkezpena-Oskar_Moreno-03-web.jpg
2022/07/18

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gabriela Cendoyaren bildumako hamabi argazki-liburu ditu abiapuntu erakusketa honek, eta beste hainbat artistak beren analisia eta begirada partekatu dute.
'3x4: Orain. Zinema, musika eta literatura argazki-liburuan' erakusketa jarri dute Donostiako San Telmo museoan

Gabriela Cendoyari argazkigintza garaikideko liburuekiko interesa laurogeita hamarreko hamarkadan piztu zitzaion Bordeleko Mollat liburu-dendan. Ondoren Martin Parren eta Gerry Badgerren The photobook: A history, Vol.1 (2004an argitaratua) irakurri zuenean ohartu zen argazki-liburuen bilduma egiten ari zela, egile-argazkigintzako liburuak ez baitziren hain ezagunak garai hartan.

Gabriela Cendoya Bergareche Bilduma 3.000 alek baino gehiagok osatzen dute eta San Telmo Museoko Liburutegian dago jasoa, aztergai. San Telmo museoaren hitzetan, "genero honetako nazioarteko bilduma garrantzitsuenetako bat da, bere bolumenagatik ez ezik, baita hautatutako tituluen kalitateagatik ere. Horietako asko aurkitzea ezinezkoa da gaur egun, eta Gabrielak berau osatzen duten egileekin ezarri dituen harreman pertsonal eta profesionalen emaitza dira".

3x4=ORAIN. Zinema, musika eta literatura argazki-liburuan proiektuak Gabriela Cendoya Bergareche Bildumaren azterketan eta ezagutzan sakontzen du, zinemaren, musikaren eta literaturaren esparrutik aztertuta. Jon Cazenave komisarioaren hitzetan, "argazki-liburua argazkiz osatutako liburu bat baino gehiago da, objektu artistiko bat da; irudiek izaera autonomoa galtzen dute, eta edukien sekuentzia batean egituratzen dira, asmo narratibo eta erritmo bisual bakarrarekin, beste formatu batean errepikatu ezin den sormenezko diskurtso bat eraikitzen duena. Irudiak kolorearen, tonuaren, formaren eta beste alderdi batzuen arabera editatzen dira, obra bateratu bat eraikitzeko, eta, musikarekin gertatzen den bezala, interpretatu egin behar da. Orriak pasatzeak berak obra bakoitzaren erritmoa eraikitzen du behatua izango den unean bertan. Argazki-liburu bakoitzak iraupen bat hartzen du, esanahi berezi bat irakurle bakoitzaren eskuetan, eta irakurraldi bakoitza ibilbide pertsonal eta bakarra da".

Zinemako, musikako eta literaturako hamabi sortzaileri eskatu diete erakusketan parte hartzeko, "beren analisia eskaini eta begirada partekatu dezaten". Zinemaren alorretik Arantza Santesteban, Maddi Barber, Oskar Alegria eta Koldo Almandozek parte hartu dute; musikatik, Judith Jauregui, Ramon Lazkano, Anari Alberdi eta Pello Ramirezek; eta literaturatik, Miren Agur Meabe, Karmele Jaio, Harkaitz Cano eta Eider Rodriguezek. 

Erakusketa urriaren 30era arte egongo da zabalik, asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara. 

Erakusketarekin lotutako jarduerak
Hainbat ekintza ere antolatu dituzte urrian, erakusketa honen bueltan. Urriaren 13an, 18:00etan, argazki-liburuak ezagutzeko bisita gidatua izango da, Susana Romanos ikerlari eta editorearen eskutik. Romanosek bere begirada pertsonala eskainiko du erakusketaren inguruan.

Urriaren 14an eta 15ean argazki-liburu laborategia izango da, 18 eta 30 urte arteko gazteei zuzendua. Jarduera honetan argazki liburuak ematen dituen sormen aukerak aztertuko dira, Julian Baron artistaren eta Jon Cazenave komisarioarekin. Saio bat museoan egingo da eta bestea Kontadoresen. Izen-ematea irailean irekiko da, Kontadores webgunean

Urriaren 15ean, 12:00etan, Toni Amengual argazkilariaren hitzaldia izango da, streaming bidez emititua. Azkenik, urriaren 20an, bisita gidatua izango da Pello Ramirez musikariaren eskutik. Ramirezek bere begirada pertsonala eskainiko du, musika lagun duela.