3Dn egindako itsas dikea, plastikoak gelditzeko

Plastikoen gerrak ez du etenik; azken datuen arabera, minutuero kamioikada bat plastiko botatzen ditugu itsasora. Arazoa larria da, eta munduko kostalde askok dagoeneko nabari dituzte ondorioak; larriena, itsas faunaren desagerpena da. Australian, plastikoen inbasioari aurre egiteko helburuz, Living Seawall izeneko proiektua jarri dute martxan; mangle zuhaitzen sustraiak imitatuz, 3Dn inprimatutako itsas dikeak sortu dituzte. Dike hauek ez dute soilik plastikoaren inbasioa gelditzen; beren egitura bereziari esker, itsas faunarentzat bizileku aparta osatzen dute, ozeanoak garbitzen trebeak diren organismoen koloniak bilakatuz. Hala, itsasoko kutsadura garbitzen dute modu naturalean.
Ideia berritzaile hau auto enpresa batek finantzatu du, Sydneyko Itsas Zientzien Institutuarekin bat eginez. Helburu nagusia, dagoeneko naturak sortu ezin ditzakeen itsas habitat horiek 3D bidezko sustrai horiei esker berpiztea da; itsas bizitzaren itzulerarekin, itsasoetako ura iragazi eta garbitu egingo da. Ideia ona, ezta?