35 urtetik beherako gazteei zuzendutako 'GazteArtean' ikerta-bekaren deialdian parte hartzeko epea zabaldu dute
Irungo Udaleko Gazteria Sailak GazteARTEan ikerketa-bekaren deialdi berria jarri du martxan. 35 urtez azpiko gazteentzako beka da eta herritar gazteen artean ikerlana bultzatzea eta sustatzea du helburu.
Interesa duten gazteek ikerketa eta ekintzako proiektu bat garatu beharko dute, haur, nerabe edo gazteekin zerikusia duten gaiak lantzeko. Ikerketak gehienez zortzi hilabeteko iraupena izango du eta banaka edo taldeka (hiru pertsona gehienez) garatu daiteke. Ikerketa gauzatzeko 8.000 euroko laguntza ekonomikoa dago.
Proiektuaren formatua tradizionala, prozesua edo ekintza (dibulgazio-materiala, lankidetza, partaidetza edo sormen-prozesuak) izan daiteke. Irungo gazteak modu aktiboan inplikatzen dituzten proposamenei garrantzi berezia emango zaie.
Beka eskatzeko proiektuaren memoria labur bat aurkeztu beharko da, gehienez 15 orrialdekoa. Izenburua, kontzeptua, gaia eta planteamendua, helburuak, metodologia, denbora-kronograma eta ikerketarako behar diren baliabideak zehaztu beharko dira bertan. Bereziki baloratuko da memoriari erantsitako ikus-materiala (irudiak, bideoak, baliabideak). Eskatzailearen datuak ere erantsi beharko dira: unibertsitateko edo goi-mailako titulazioa, harremanetarako datuak eta curriculum laburra, eta NAN/AIZen fotokopiak.
Urriaren 4ra arte egin daitezke eskaerak, fisikoki edo online. Deialdiaren inguruko xehetasunak hemen kontsulta daitezke.
