34 ikuskizun izango dira gaur hasiko den Bilboko Kalealdian
Bilboko Kalealdia Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak 24. edizioari hasiera emango dio gaur eta larunbatera bitarte 34 ikuskizun eta 69 emanaldi eskainiko ditu.
Euskal Herriko konpainia hauek hartuko dute parte jaialdian: Hala, Barré Cía., Barsanti Cía., Estefanía De Paz Asín, Eva Guerrero Cía., Impulsos Cía., Lasala, Jokai, Led Silhouette, Maitane Sarralde, Mala Brigo Cía., Olatz Gorrotxategi, Orain-Bi Cía., Panpotx Kultur Elkartea, Piszifaktoria, Toño Valdivieso eta Zanguango Teatro konpainia.
Bertakoak ez ezik, Europako hamabi konpainia ere izango dira, Frantziatik, Belgikatik, Portugaldik, Italiatik eta Ukraniatik etorriak. Gainera, Katalunia, Murtzia, Japonia eta Mexikoko konpainiak ere bertaratuko dira.
Kalealdiak hamasei estreinaldi programatu ditu, horietatik hiru jaialdiak berak sortu eta ekoitziak. Toño Valdivielso artista bilbotarrak Casilda Iturrizar Parkea koloretako agertoki bihurtuko du. Totemak, menhirrak, metalezko zuhaitzak eta koloredun enborrak izango dira parkean. Batez ere birziklatutako materialekin sortutako instalazio da. Gaurtik asteazkenera gozatu ahal izango da, 17:00etatik aurrera, Casilda Iturrizar parkeko urmaelaren inguruan.
Bestetik, Bilboko Kalealdiaren eta Olatz Gorrotxategiren arteko Entzun ekoizpena 8 eta 16 urte bitarteko musikariek osatzen dute, San Frantziskoko Etorkizuna Musiketan orkestrako kideek. Kaskoen bidezko kontzertu esperientzia da, etorkizuneko nerabe eta musikari hauen "kezka, grina, kexa eta beharrei buruz hitz egingo duena". Gaur izango da emanaldia, 18:30ean, Casilda Iturrizar parkeko urmaelaren inguruan.
Hirugarrenik, Impulsos CIAk jaialdiarekin batera gauzatutako Lenguajes ere izango da. Zirkua, antzerkia, mugimendua, musika eta poesia bisuala uztartzen ditu, absurdoaren eta drama erabiliz. Asteazkenean eskainiko da, 22:30ean, Arriaga Plazan.
Jaialdia gune hauetan gozatu ahal izango da: Casilda Iturrizar parkea; Pergola; Arte Ederren Museoaren ondoan; Arriaga plaza; Arriaga Antzokiaren alboan; Alde Zaharrean, Plaza Berrian, Kapelagile kalean eta Posta kalean; Areatzako Tinglatuetan; Elkarbizitzaren Plazan -Isozaki dorreen artean-; eta Gas Plazan. Ikuskizun guztiak doakoak dira.

