33 urteko bidea

33 urteko bidea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/33-urteko-bidea/@@download/image/2012747754topag_1360604599.jpg
2012/07/06
erreportajea
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena eta Maialen Goñi
Gazte erakundeko hainbat kidek Segi "tresna gisa" agortu dela jakinarazi zuten iragan ekainaren 15ean, hala nola, GAZTEZULO.com-en argitaratutako elkarrizketa baten bitartez. Inflexio puntu hau baliatuko dugu gazte mugimenduak 1979an Jarrai sortu zenetik gaur arte egin duen bidea errepasatzeko, bere argi eta ilunekin; besteak beste, antimilitarismoaren, gaztetxeen eta irrati libreen pizgarri izan baita, baita jazarpen jomuga ere.

Lehen pausoak   
1970eko hamarkada amaieran eta 80ko hasieran, krisi ekonomiko larria bizi zen Hego Euskal Herrian, Espainian bezalaxe: langabezia tasa %53koa zen gazteen artean, aisialdi eskaintzak oso urriak ziren hiriguneetan, droga berriak iritsi ziren… Horren aurrean, gazte mugimendua pixkanaka forma hartzen hasi zen eta aldarrikapenek indarra hartu zuten: aurreneko gazte asanbladak sortu ziren, hedabide libreak ugaritu ziren eta euskal rock erradikalak ere mugimendu handia abiarazi zuen musikaren inguruan.

Testuinguru hartan, KAS koordinadoraren baitako HASI eta LAIA alderdien bultzadaz sortu zen 1979ko maiatzean Jarrai. Erakunde autonomo gisa jardunda gazteriaren problematikei erantzutea izan zuen helburu hasieratik, eta lau lan ildo nagusi zehaztu zituen: soldaduskaren aurkakoa, "gazte indarra neutralizatzeko asmoz espainiar poliziak sartutako droga berriak" arbuiatzea, aisialdi eredu berriak eraikitzeko gaztetxe eta gazte asanbladak suspertzea, eta gazte erakundea ikastetxe eta unibertsitateetan ere antolatzea.

Hala, 80ko hamarkadan, besteak beste, Kimuak haurren aisialdirako mugimendua eta Ikasle Abertzaleak ikasle erakundea jaio ziren. Urte haietan, halaber, kideen aurkako hainbat sarekada egin zituen Espainiako Poliziak, eta Jarraik dinamikotasuna eta sorkuntza gaitasuna galdu zituen pixkanaka, egitura zabala izan arren, militante nahikorik lortu ezinik zebilelako. 1992an, ordea, V. biltzarra antolatu zuten erakundea berrindartzeko.

Lapurdin, Baxenafarroan eta Zuberoan, bestetik, mugimendu abertzale politikoekiko alternatibak jaio ziren 80ko hamarkadan zehar, hala nola, MAIA antimilitarismoaren aldeko mugimendua, JIKLE presoen sostengurako taldea eta AJIR ikastetxeetan sortutako ikasle mugimendua. 1988an IEGA Iparraldeko Euskal Gazteri Abertzalea eratu zen, baina Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko zatiketak erakundearen dinamika baldintzatu zuen, eta denborak aurrera, 1995ean sortutako Gazteriak erakundearen baitara igaro ziren bertako kideak.

Gazteriak, hain zuzen, Frantziako 1994ko kantonamendu hauteskundeen karietara hainbat taldek antolatutako Gazteriak Euskal Herrian bizi nahi du dinamikatik eratorri zen, eta gazte asanbladak sortu, gazteen kale bizitza indartu eta batasun nazionaleko erakunde bakarra osatzen lagundu zuen. Dena den, 1997an erakundeko 80 kide inguru pasatu ziren poliziaren eskuetatik eta zortzi kartzelaratu zituzten; horrek nabarmen ahuldu zuen Gazteriak.

1998an erakunde nazional bakarra sortzeko apustuan murgildu ziren Jarrai eta Gazteriak. Bi urte geroago Gazte Topagune bateratua egin zuten lehen aldiz Kanbon, apirilaren 23ko Aberri Egunean. 4.000 lagundik gora bildu ziren orduko hartan, eta bi erakundetik bakarrerako saltoa eman zuten.

Aurrenekoz, zazpi lurraldeetan

2000 urteko apirilaren 23 hartan sortu zen Haika, lehen gazte erakunde nazionala. Amaiur prozesu eratzailearen bidez taldearen oinarri ideologikoak eta apustuak finkatu zituzten urtebetez. Huraxe amaitutakoan, 2001eko martxoan hain zuzen, Espainiako Poliziak 21 gazte atxilotu zituen Haikaren aurkako operazioan, eta bi hilabete geroago, maiatzean, legez kanpo utzi zuten.

Horren aurrean, berehalako erantzuna eman zuen Haikak. Dena den, ibilbide laburra izan zuen, ekainean bertan sortu baitzen Segi, ondorengoa. Etapa motzeko lorpenen artean, Faxistak Euskal Herriaren zapaltzaileak! ildoa abiaraztea eta Miarritzen egindako Europako gailurraren aurkako kanpaldia eta mobilizazioak nabarmentzen dituzte erakundeko kide izandakoek.

Gaur arteko lekukoa

Haika ilegaltzat jo zutenean, gazte mugimenduko hainbat kidek Gazte Bilgunea sortu zuten erakunde berri bat osatzeko asmoz, eta 2001eko ekainaren 16an Iruñean egin zuten batzarrean eman zioten forma ideia horri: Segi sortu zuten. Berandu baino lehen hasi ziren lanean, eta lehen ekimen nagusia Euskal Herriko eskualde guztietako Gazte Egunak antolatzea izan zen, 23.000 gazte baino gehiago bilduz. Narkotrafikoaren aurkako kanpainak, espainiar eta frantziar enbaxaden okupazioak, lan esparruko prekarietatearen salaketa eta kultura eredu alternatiboen aldarrikapena izan ziren, besteren artean, jarraipena.

Epe laburrean, baina, 2002ko otsailean hain justu, Segi legez kanpo utzi zuten espainiar legeek, eta elkarteko kideen aurkako operazioa abiatu. Horren aurrean, inoizko Topagunerik handiena eta jendetsuena antolatu zuten Elorrion, eta barne hausnarketa aldiari ekin zioten. Bizi eredu askearen inguruko borrokei lehentasuna eman eta aisialdirako alternatibak eskaintzea, jai herrikoiak antolatzea, feminismoa bultzatzea… bilakatuko ziren Segiren egiteko nagusiak, beti ere, gazte problematikari erantzunez, harik eta 2009an bigarren hausnarketa aldian murgildu zen arte.

Gizartea eta testuingurua bera aldatzen ari zirela-eta, unean uneko egoerara moldatzeko beharra ikusi zuten orduan: "Garai berriek molde berriak galdatzen dituzte eta aldaketaren parte izateko berregokitu beharra dago". Ekainaren 15ean iritsi zen albistea: "Segi agortu da tresna gisa. Gazte mugimenduak bizirik dirau".

Argiak eta ilunak


33 urteko ibilbidean gazte mugimenduak gorabehera ugari izan ditu, eta guztiak islatu dira Segi desegitera eraman duen barne hausnarketa horretan. Datu beltzen artean nabarmentzekoa da 200 bat gazteren atxiloketa. Alabaina, erakundeak bere funtzioa bete duela uste dute bozeramaileek, "gazteriaren konpromisoen erakusle" eta "botere hegemonikoarentzat mehatxu" izan delako.

Azken urteetan erakundearen eta gazteriaren artean halako "amildegi bat" eratu zela onartu dute kideek eta, azken batean, estrategiaren helburuak bete ordez, "Segi eta bere biziraupena bera" bilakatu zirela helburu. Gainera, belaunaldi berriek lekukoa hartzearekin batera, "gazteriaren joerak, jarduteko moldeak eta militantzia ulertzeko modua" nabarmen aldatu direla ikusi zuen erakundeak. Hegoaldean ilegalak izateak, halaber, jardun publiko eta normalizatua oztopatu diela baieztatu du Segik, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

Hiru hamarkadako ibilbidean, ostera, "borrokarako grina eta konpromisoa" transmititu direla azpimarratu nahi dute, lekukoa "belaunaldiz belaunaldi" igaro dela. "Euskal Herriaren askapen nazionalaren eta eraldaketa sozialaren defentsan gazte mugimenduak eginiko ekarpena inoizko handiena" izan dela uste du Segik, "moldeei dagokionez freskotasuna" ekarri duelako eta "bestelako baloreak txertatzeko ahalegina" egin duelako. Antolatutako Topagune eta Gazte Martxa jendetsuak, mintegiak, okupazioak, ekimen zirikatzaileak, lortutako gune askeak... gogoan izango dituztela diote, eta aurrerantzean ere "anbizioz" jokatuko dutela gazte potentzialitateaz jabeturik.