#3000Twitz kanpainak 4.000 boto lortu ditu Twitch-ek euskara hizkuntza ofizialtzat onartu dezan

Orain Twitch-en erantzunari itxaron behar zaio, euskara streaming language bezala ezarri dezan. Antolatzaileak, euskal bideo-joko zale komunitatea, Game Erauntsia Elkartea eta Arkkuso eta Nebukai eduki sortzaileak kanpainaren harrerarekin oso pozik aurkeztu dira. Lehenengo aldiz historian, euskarazko bi kanalek Twitch-eko afiliatu izateko baldintzak betetzen dituzte. Kanpainak Naiz Irratiaren babesa izan du.
Pasa den larunbatean, abenduaren 5ean, #3000Twitch kanpaina amaiera eman zioten 24 orduko emisio maratoiarekin. Zehaztutako epean 3.000 bozken langa gainditu dute eta guztira 4.000 baino gehiago jaso dira. Euskal Herritik ez ezik, beste gertuko zein urruneko lurraldeetatik botoak jaso dira, baita Ameriketatik ere. Azpimarratzekoa da Katalunia, Galizia eta Valentziako sortzaileek kanpainaren hedapenean egindako ekarpenak, hizkuntza gutxituen elkartasunaren alde.
Ekimenak oso harrera positiboa izan du. Egitarauaren parte izan diren sortzaileez gaindi, hainbat pertsonek interesa erakutsi dute zuzenekoak eginez. Horietako batzuk gainera, 24 orduko maratoira gehitu dira. Egitarauan Euskal Herriko txoko guztietako sortzaileek parte-hartu dute (Azkoitia, Azpeitia, Barañain, Bermeo, Bidarrai, Donostia, Gernika, Getxo, Leioa, Gasteiz, Oiartzun eta Zarautz), zuzeneko emisioak euskara desberdinen aniztasunaren erakusle bihurtu zirelarik.
Ikus-entzuleen erantzuna pozgarria izan da, emisio bakoitzeko txatean parte-hartzea handia izan delarik. Gainera, Landeths erabiltzailearen eta Game Erauntsia Elkartearen kanalak euskaraz Twich-en afiliatu kategoria lortzeko baldintzak bete dituzten lehenak izan dira, kanpainan zehar lortutako audientziei esker.
Twitch-en, beste sare sozialetan bezala, badaude euskaldunak diren, baina bere edukiak beste hizkuntzetan zabaltzen dituzten sortzaileak, egunero milaka zaleen jarraipena dutenak. Nabarmentzekoa da sareetan eragin handia duten euskaldun hauek kanpainari atxiki direla botoak biltzen laguntzeko Besteak beste, Rubik, Ander Cortés eta Ibai Llanos streamerrek bere ikusleria bozkatzera animatu dute.
Katalanek 2.905 bozkarekin lortu zuten Twitch-ek euren hizkuntza onartzea eta hori dela eta #3000twitz ekimeneko antolatzaileek 3000 botoetara iristeko helburua jarri zuten. Orain, euskaldunek erronka bete ondoren, Twichen esku dago euskara bere sisteman onartzea. Lortu bitartean, eskaeraren alde bozkatzeko aukerak irekita jarraituko du.