2deo serieak eta Noka ikus-entzunezko deialdietan izena emateko epea ireki du Donostiako Tabakalerak

Hirugarren urtez garatuko den 2deo serieak programak serie-sortzaileen, gidoilari eta ekoizleen, proiektuak tutoretzan hartu, lagundu eta babestea du helburu. Proiektu bakoitzeko banakako aholkularitza, mentoria espezifikoak eta ekoizle, banatzaile edo inbertitzaileen aurrean azken aurkezpena egiteko aukera eskaintzen du, batez ere, telebista-plataforma eta kanaletara bideratuta.
Hiru proiektu hautatuko dituzte eta horietako bat, gutxienez, euskarazkoa izango da. Jasoko duten laguntza ekonomikoa 5.000 eurokoa izango da.
Aurtengo edizioa Crossover Series Festival serie-jaialdiarekin batera hasiko da eta Donostia Zinemaldiaren itxierarekin batera amaituko da.
2deo deialdi iraunkorra
Euskarazko eduki berritzaileak sortzen dituzten ikus-entzunezko proiektuak tutorizatzeko eta babesteko xedea du 2deoren deialdi iraunkorrak. Horretarako, mentoreak, banakako aholkularitza eta 2deo laborategiko tresnak eta instalazioak erabiltzeko aukera ematen zaie parte-hartzaileei.
Aurkezten diren proiektuek euskarazko ikus-entzunezko edukiak izan beharko dituzte nahitaez. Gaiak, hartzaileen sektoreak eta erabilitako ikus-entzunezko euskarriak askotarikoak izan daitezke. aldaketa klimatikoari edo arteari buruzko podcastak; filosofiari, historiari, politikari edo umoreari buruzko kanalak; musika, bidaiak edo bizitza estiloen inguruko sare sozialetako edukiak...
Hautatuak diren proiektuen egileek 1.500 euroko dirulaguntza izango dute proposamenaren ekoizpenerako. Horretaz gain, 2deo laborategiko baliabideak erabili ahal izango dituzte, 2deon zuzeneko aurkezpen publiko bat egiteko aukera izango dute eta 2deotik-en, instituzio ezberdinekin elkarlanean egiten den programan, parte hartzeko parada.
Deialdia iraunkorra izanik, urte osoan aurkez daitezke proposamenak. 2022an euskarazko hamabi proiektu digital berritzaile babestu ditu deialdi honek: Sutan Bang podkasta, Zertako! webseriea, Egin klak proiektua eta Bertikala podcasta, besteak beste.
Noka mentoring
Euskal emakume zinegileentzako ekimen honek emakumeen presentzia eta ikusgarritasuna sustatu nahi ditu zinemaren sektorean. Emakume zuzendari hasiberrien film luzeen proiektuak lagundu, tutoretzan hartu eta babestu nahi ditu. Gidoigintzari, zuzendaritzari, ekoizpenari, dosiergintzari, industriari eta foro profesionalei buruzko aholkularitza eskainiko du.
Aukeratutako hiru proiektuek Maider Oleaga, Diana Toucedo eta Celia Ricoren laguntza eta aholkularitza izango dute, eta hautatuko zinegile bakoitzak 4.000 euroko laguntza jasoko du proiektuak garatzeko. Gainera, aurten Hasieratik. Historia feministak zikloaren baitan, 2019tik deialdi honetan parte hartu duten hamabi zuzendariek programatzeko aukera izango dute.