28 film labur eskainiko ditu Gasteizko Cortada jaialdiak
Euskal Herriko Unibertsitateak, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin, Cortada Gasteizko Film Laburren Jaialdiaren XXV. edizioa antolatu du, abenduaren 15etik 18ra, Vital Fundazioa Kulturunean (Dendaraba). Aurten, 28 film labur izango dira lehian, sei programatan banatuta, eta bi saiotan proiektatuko dira, 18:00etan edo 20:00etan.
"Animazioan, fikzioan eta dokumentalean azken urteko produkziorik onenak" ekartzen saiatu direla azaldu dute jaialdiko programazio taldeko kideek. Gainera, zinemako izen handiak, zinema eskoletatik atera berri diren ikasle gazteekin nahasten dituen programazioa izango dela nabarmendu dute.
Jaialdian parte hartuko duten filmen artean, besteak beste, honako hauek izango dira: Aitor Oñederraren Ur azpian lore, Maider Oleagaren Kinka, Lur Olaizolaren Zerua Blu, Aitor Gametxoren Berak baleki, Mikel Gurrearen Heltzear, Mel Arranzen Azaletik azalera, Jorge Moneoren Begiak hesteko artean, David Perez Sañudoren Vatios eta Irati Gorostidiren Unicornio. Proiektatuko diren lanen inguruko informazio osoa hemen dago ikusgai.
Lehiaketara aurkeztutako lanak sari hauek eskuratzeko lehiatuko dira: Cortadako film labur onena, euskal film labur onena, dokumental onena, animazio onena eta 'Gureak’ film labur onena. Epaimahaia diziplina artistiko ezberdinetako Gasteizko hiru erreferentek osatzen dute: Katixa Agirre, idazlea eta EHUko irakaslea; Ane Agirre, komisario independentea eta Tabakalerako praktika garaikideen arloko arduraduna; eta Helena Gonzalez, GazteFilm Fest haur eta gazteentzako zinema jaialdiko programatzaile, kultur kudeatzaile eta zuzendaria.
Jarduera osagarriak
Lehiaketaren barruko film proiekzioak ez ezik, bestelako ekintzak ere antolatu dituzte jaialdiak iraungo duen egunetan. Bihar, hilak 15, Koldo Almandoz zinemagileak bere lanari buruzko hitzaldia emango du. Almandozek bere ibilbideaz eta esperientziaz hitz egingo du; izan ere, telebistako proiektu garrantzitsuak eta film luzeak egin ditu, eta, horrez gain, film laburra ere asko landu du. Saioa 18:00etan izango da, Montehermoso Kulturunean.

Abenduaren 18an, larunbata, Sara Zozaya abeslari eta konpositore gazteak emanaldia eskainiko du Itziar Garaluce artista bisual gasteiztarrarekin batera. 13:00etan izango da ikuskizuna, Jimmy Jazz aretoan. Era berean, Zozayaren kontzertuan, De corta y pega: manipulación de hallazgos visuales lantegiaren emaitza proiektatuko da. Tailer hori HAZ Gunearekin (Ikusizko Mugimendurako Laborategia) elkarlanean egin zen joan den asteburuan eta Super-8 euskarri zinematografikoan sakondu zuten bertan.

Egun berean, hilak 18, Marina Lameiro zuzendari nafarraren Dardara dokumentala eskainiko dute, 21:00etan, Kubik aretoan izango den itxiera saioaren ondoren. Lameiro zuzendaria eta Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu izango dira bertan.

