250 gazteren ikus-entzunezko sorkuntzak 'Hi Gazte!' egitasmoan

250 gazteren ikus-entzunezko sorkuntzak 'Hi Gazte!' egitasmoan 14 eta 16 urte arteko gazteek euskarazko edukiak landu, zabaldu eta kontsumitzea du helburu ekimenak. Donostiako Tabakaleran egin dute sari banaketa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/250-gazteren-ikus-entzunezko-sorkuntzak-hi-gazte-egitasmoan/@@download/image/hi gazte sarituak.jpg
2021/06/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

14 eta 16 urte arteko gazteek euskarazko edukiak landu, zabaldu eta kontsumitzea du helburu ekimenak. Donostiako Tabakaleran egin dute sari banaketa.
250 gazteren ikus-entzunezko sorkuntzak 'Hi Gazte!' egitasmoan

Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako Hi Gazte! egitasmoaren aurtengo edizioan lurraldeko 250 gaztek parte hartu dute euskarazko edukiak landu eta sare sozialen bidez elkarbanatzen eta zabaltzen. Atzo goizean egin zuten sari banaketa Donostiako Tabakaleran eta aurtengo lanik originalenak saritzeaz gain, Kai Nakai, Odik, Maialen Sorzabalbere eta Bamboo Dance artista gazteen zuzeneko emanaldiak izan ziren. 

14 eta 16 urte arteko gazteen ikus-entzunezkoen sorkuntza sustatzea du helburu proiektuak eta gazteek euren artean euskarazko edukiak landu, zabaldu eta kontsumitzeko ohitura hartzea, sare sozialak erabilita bereziki. Martxotik ekainera 1.200 gaztetik gora murgildu dira lehen aldiz ikus-entzunezkoen munduan euskaraz, hainbat gazte sortzaileren laguntzarekin.

Tabakalerako ekitaldian lau hilabete hauetan landutako hiru sormen desafiotako irabazleen sariak banatu dituzte. Laskurain ikastola, Lasalle Berrozpe, Pasaia Lezo Lizeoa eta Herri Ametsa ikastolako ikasleen bideoak nabarmendu dituzte. Hi Gazte! proiektua lehiaketa moduan egituratu dute, parte-hartzaileei proposatzen zaizkien desafioetan saio presentzialak eta online egindakoak uztartuz. Saio presentzialetan sortzaile gazteak izan ziren gidari, gaur egun pil-pilean dauden musika eta sorkuntza estiloak jorratzen dituztenak: regetoia, trapa, rapa, musika elektronikoa, interpretazioa, literatura eta abar.

Hiru desafio
Lehen desafioan, dinamikarentzako lelo bat asmatu behar izan zuten, sarerako eduki baten bidez. Jasotako meme, cover, podcast, bikoizketa bideo, TikTok eta bideoen artean, Tolosako Laskorain Ikastolako Oier Gastesi izan da irabazlea. Ikastetxe bereko Ekaitz Berazak ere sari berezia jaso du. 

Bigarren desafioan, Kai Nakai musikariak eta Maialen Sorzabalbere gidoigileak objektu bat proposatu zieten gazteei, atea, eta ideia horretatik abiatuta bideo laburrak grabatu zituzten euren mugikorrak erabilita. Bikoizketa bideo originalak, esketxak, kapitulu ezberdinetan zatikatutako istorioak eta komiki eran landutako kontakizunak jaso dira, besteak beste, eta guztien artean Andoaingo La Salle Berrozpeko talde bat izan da garaile. 

Azkenik, hirugarren desafioan gazteek argazki bat igo behar izan dute beraien Instagram profilera. Bertan, lagun bat izendatu eta argazkiari traola bat asmatu zioten. Kasu honetan, irabazleak zozketa bidez erabaki dira eta saridunak Eneko Aranburu (Pasaia Lezo Lizeoa) eta Noa Rilova (Donostiako Herri Ametsa ikastola) izan dira.

Sarean oihartzuna
Desafio guztietan parte-hartzaileek sare sozialen bitartez elkarbanatu dituzte sortutako edukiak. Antolatzaileek sareetan lortutako oihartzuna eta interakzioa nabarmendu dute. 130.000 erabiltzailek baino gehiagok egin dute bat Hi Gazte!-ren Instagram kontuko argitalpenekin eta ia 6.000 interakzio baino gehiago lortu dituzte egitasmo honi lotutako edukiek.

Aurten, Gipuzkoako 15 ikastetxetako gazteekin landu da Hi Gazte! lehiaketa eta, datorren ikasturtean, kopuru horrek gora egitea espero dute.