25 urte gizarte hobea amesten eta eraikitzen

25 urte gizarte hobea amesten eta eraikitzen https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/11/10
erreportajea
Manuel Vizarraga (Tio Manuel): Kale Dor Kayiko elkarteko presidentea
25 urte gizarte hobea amesten eta eraikitzen
Kale Dor Kayiko elkartea irabazi asmorik gabeko kultur elkartea da. Izenak 'etorkizuneko ijitoak' esan nahi du.


Elkartekideon ustez, herri baten sustapena umeengandik hasten da, hain zuzen ere, beraiek baitira etorkizuna; KDK Gazteak izango dira Kale Dor Kayiko elkartearen etorkizuna. Horregatik jarri genioen elkarteari izen hori duela 25 urte. 1989an sortu ginen, eta ordutik, kulturartekotasuna eta inklusio jarduerak izan ditugu ardatz. Bilboko Txurdinaga auzoan dugu egoitza nagusia, eta Bizkaian zein Gipuzkoan egiten dugu lan.
Gure misioa gizarte doiagoa sortzen laguntzea da, aukeraz beteta egongo den gizartea, guztiontzat, baita Ijito Herriarentzat ere. Alde horretatik, EAEn ia 600 urtez bizitzen diharduen eta historia, kultura eta identitate propioak dituen herri moduan aintzatespena eta begirunea lortzea da gure asmoa. Ijito erkidegoaren ezaugarririk behinena bizirautea izan da, egoerari kasuan kasu zetorren bezala aurre egitea, eta elkarte moduan une bakoitzeko beharrizanen arabera moldatzen joan behar izan dugu, ahaztu gabe lortu nahi dugun eta amesten dugun transformazioa epe luzekoa dela.

KDK gizarte eragilea den neurrian, gizarte eraldaketa sortzaile da. Etorkizuneko gizarte mugimendua sentiberatu, hezi, kontzientziatu, aholkatu eta sustatu nahi dugu. Elkartegintzan eta ijitoek gizartean parte hartzeko ereduan sinesten dugu, eta eraldaketa soziala ijitoen arteko, ijitoen eta payoen arteko zein gizarteko sektore guztien arteko elkarrizketa igualitarioan oinarrituko dela uste dugu. Gizartean Ijito Herriaren normalizazioa, bisibilizazioa eta partaidetza sustatzen ditugu, egun dagoen ezagutza-ezari aurre egiteko estrategia moduan, gure ustez ezagutza falta hori aurreiritzi eta estereotipo guztien oinarria delako. Oro har bederatzi esparru nagusi hauetan egiten dugu lan: familia, prestakuntza, hezkuntza, gizarte partaidetza, emakumea, osasuna, komunikazioa eta enplegua. Zutabe horien gainean proiektu desberdinak garatzen ditugu, eta esan genezake, harro eta pozik, guztion ahalegin handiari esker Elkarteak guztiekin egin duela aurrera, bizi digun egoera sozio-ekonomikoa gorabehera.

Adibidez, eskola arrakasta hobetu eta absentismo egoerak bideratzeko proiektuetan ari gara lanean, familiei laguntza integrala eskaintzeko programetan, osasun eta drogamenpekotasunen aurrearretakoetan edota emakume eta gizonen arteko berdintasunekoetan. Halaber, dinamika inklusiboetan, sentiberatze kanpainetan, kultur arteko ekitaldietan eta abarretan oinarrituta, Ijito Herriaren partaidetza sustatzeko eta normalizatzeko proiektuak burutzen ari gara.
Askotarikotasun kulturala bere barruan sartzen duen gizartea amesten dugu, historia eta identitate propioa duten herri guztien izaera aintzatesten duena.