25 urte betetzear zaude eta bertigoa sentitzen duzu?

25 urte betetzear zaude eta bertigoa sentitzen duzu? Momentu garrantzitsua da batzuentzat, nahiz eta 25 urtetik aurrera zenbait mamu agertzen hasten diren. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/25-urte-betetzear-zaude-eta-bertigoa-sentitzen-duzu/@@download/image/birthday-girl-lighting-candle-lighter-cake-party-indoors-1200x628-facebook-1200x628.jpg
2022/10/14

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Momentu garrantzitsua da batzuentzat, nahiz eta 25 urtetik aurrera zenbait mamu agertzen hasten diren.
25 urte betetzear zaude eta bertigoa sentitzen duzu?

Orain dela gutxi hasi zenuela unibertsitatea iruditzen zaizu, guztia egiteko zegoela eta bat-batean 25 urte dituzu edo betetzear zaude. Ez du ezer txarrik 25 urte betetzeak, noski, arazoa da urteak beteta ere zure egoera ez dela aldatzen ohartzeak bertigoa sorrarazten duela. Kontratu prekarioak bata bestearen atzetik kateatzen jarraitzen baduzu behintzat, horrela sentitzeko arriskua duzu. Ohartzen zara urteak betetzen joanagatik ezinezkoa zaizula pisu bat eskuratzea partekatu beharrik gabe, eta 25 urteren inguruan krisi existentziala sortu liteke: zer ari naiz egiten nire bizitzarekin? 

Independentzia ekonomikoa baino, askok 25 urterekin interdependentzia ekonomikoa bizitzen dute: pisua partekatu beharra ordaindu ahal izateko, ez duzu gehiegi bidaiatzeko aukerarik izan eta oraindik arropa duzu gurasoenean, edozein momentutan lanetik kaleratuko zaituztela sentitzen baituzu.

25 urte bete berri eta emakumea bazara, gainera, Instagramen zimurren aurkako kremen iragarkiak agertzen hasiko zaizkizu, edo TikTok zure azala zenbateraino dagoen hondatua frogatzen duten filtroz beteko zaizu. Hau da, esan nahi dizutena: 5 urte edo gutxiagora zaudela "zahar" bihurtzetik. Albo batera utziz gizarte patriarkalak saltzen digun gezur hori, egia da ispiluaren islak lehenengo zimurrak erakusten dizkizula. Erabat irrazionala den larritasuna sentitzen duzu, irrazionala bai, baina nork ez du sentitu?

25 urtetarako jada, ziur, pare bat nagusi jasanezinekin ere topatu zarela. Ordu estrak egin behar izan dituzu kobratu gabe, egunen batean erakundea zurea izango balitz bezala lan eginez. Gainera, alferren belaunaldia zaretela entzun behar izan duzu, baina, besterik gabe, ordaintzen dizutenaren arabera egiten duzu lan, ez daitezen zutaz aprobetxatu. 

Bitartean, zure bizitzarekin zer egin nahi duzun zehazki oraindik ez dakizu eta antsietatea urtetik urtera areagotu egiten da. Bitartean boomer-ek bizitza lezioak ematen dizkizute. Meritua ordea ez da 40 urterekin bizitza egonkor bat eraiki izana, bigarren etxebizitza batekin. Miresgarria dena da 25 urte soilik izanagatik bi krisi ekonomikotik bizirik atera izana, lan prekarioak soilik eskuratzea, matxismoa, arrazakeria edota gizenfobia... pairatu beharraZorionez, 25 urte beteko dituzten beste pertsona asko daude, ez zaude bakarrik eta argi izan: 30 urtetan barkaberagoa izango zara zure buruarekin, ziur.