23 milioi euro ordaindu dituzte espaziora hamar minutuko bidaia egiteko

23 milioi euro ordaindu dituzte espaziora hamar minutuko bidaia egiteko Enkantean espazio-ontziko eserlekua irabazi duen lagunak uztailaren 20an egingo du espaziora bidaia Amazon-en sortzaile den Jeff Bezos eta haren anaiarekin batera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/23-milioi-euro-ordaindu-dituzte-espaziora-hamar-minutuko-bidaia-egiteko/@@download/image/new shepard.jpg
2021/06/14

Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Enkantean espazio-ontziko eserlekua irabazi duen lagunak uztailaren 20an egingo du espaziora bidaia Amazon-en sortzaile den Jeff Bezos eta haren anaiarekin batera.
23 milioi euro ordaindu dituzte espaziora hamar minutuko bidaia egiteko

Jeff Bezos Amazon multinazionalaren sortzailea da eta munduko pertsona aberatsenetakoa. Gainera, Blue Origin izeneko enpresa aeroespazialaren jabea ere bada. Askoren ametsa da espazioara bidaiatzea eta Bezosek amets hori betetzeko aukera izango du uztailaren 20an. Bere anaiarekin batera egingo duen bidaiak hamar minutuko iraupena izango du eta 100 kilometro inguruko garaierara iritsiko dira New Shepard izeneko espazio-ontzian. 

Espazio-ontzian lagun gehiagorentzako tokia ere bada, ordea, eta eserlekua enkantean ipini dute. Larunbatean amaitu zen enkantearen prozesua eta identifikatu gabeko lagun batek 23 milioi euro ordaindu ditu Bezos anaiekin batera espaziora bidaiatzeko. Hirugarren bidaiariak hogei aurkari izan ditu maiatzaren 19an hasitako enkantean eta eskainitako diruak etengabe egin zuen gora joan den larunbatean, zifra horretara iritsi arte. Oraindik ez dute esan irabazlea nor den, baina datozen asteetan jakinaraziko dutela iragarri dute. Zehaztu gabeko laugarren turista bat ere izango omen da.

Enkantearen bidez lortutako dirua Blue Origin enpresaren Club for the future fundaziora bideratuko dute. Fundazio honen helburua belaunaldi gazteak zientzia, teknologia, matematika edo ingeniaritza alorretara bideratzea da. 

AEBetako Texas estatuko desertu batetik abiatuko da espaziontzia uztailaren 20an, eta bidaiak iraungo duen hamar minutuetatik lau igaroko dituzte espazioan. Han, grabitate eza sentituko dute eta Lurraren kurbadura ikusi ahal izango dute.