23. Korrikaren unitate didaktikoak kaleratu dituzte AEK-k eta Ikastolen Elkarteak
23. Korrikaren material didaktikoa sortzeko lanean aritu da Orereta ikastolako Iñaki Zapirain irakaslea. Korrika ezagutarazteaz eta hura girotzeaz gain, euskararen aldeko jarrera zabaltzea, euskararen aldeko kontzientzia suspertzea, eta erabileran eragitea du helburu materialak. Gainera, hainbat irakasgaitan erabiltzeko aukera ematen dute edukiek, baita gorputz hezkuntzan ere.
Ikasmaterialak adinaren arabera sailkatuta daude, Haur Hezkuntzatik Batxilergora bitarte: Harro unitatea, 3-6 urte bitartekoentzat; Herri unitatea, 6-9 urte bitartekoentzat; Orro unitatea, 9-12 urte bitartekoentzat; eta Korri unitatea, 12-18 urte artekoentzat. Lehen bi unitateak ikasgelako arbela digitalean proiektatzeko proposamena egin dute eta gainerako bietan, berriz, ikasleek ordenagailu eramangarriak erabil ditzakete webgunean sartzeko.
Irakasleek unitate bakoitzari dagokion gida deskarga dezakete, eta bertan daude argibide guztiak. Bi asteko iraupena gomendatzen da, baina irakaslearen esku dago edukiak denbora luzeagoan edo motzagoan erabiltzea. Horretaz gain, jarduerek hurrenkera jakina izan arren, irakasle-taldeak erabakiko du jarduera guztiak egin ala ez, aukeraketa egin, beste adin-tarte baterako den jardueraren bat egokitu...
Edukiak eta berrikuntzak
Goiatz Labandibar idazlearen Ispilu harrogarria ipuinak ematen die lotura jarduerei. Ipuineko protagonistak Nora eta Harri izeneko bi ume dira, eta, edizio honetako leloari, Harro herri, erreferentzia eginda, hainbat gairen inguruan hausnartuko dute ikasleek: lotsari buruz hitz egitea, harro sentitzearen garrantzia... Lur Kortak egin du ipuinaren kontaketa.
Honako eduki hauek ere badaude: Irundik Baionara doan ibilbidea osatzeko Harro, herri, korri! esku-jolasa; euskararen eta euskal kulturako erreferentzia ugari dituen artelana, zeinetan ikasleek identifikatu egin beharko dituzten, antzeko irudiak sortu eta horma-irudi handi bat eraiki; Omenaldia jarduera, KORRIKAren omenduen inguruko lanketa; Ozto(poz) lasterketa, KORRIKAk ibilbidean zehar gainditu behar izaten dituen oztopoei erreferentzia egiten die jarduera; Plazara dantzara! koreografia; Korrikaren historia ezagutzeko balio duten Korrikahoot jolasak; eta hainbat ediziotako kantuak ezagutzeko Bingo musikatua. Ohiko jarduerak ere txertatu dituzte materialean: petoa, lekukoa, ibilbidea, mezua…
