22 sortzailek eta 39 udalerrik hartuko dute parte Geuretik Sortuak ekimenaren bigarren edizioan
Bigarren edizioan hamar idazlek, bost komikigilek, hiru antzerki konpainiak eta lau zinegilek jaso dute Geuretik Sortuak 2023-2024 sormen beka.
Sormen egonaldiak 39 udalerritan egingo dituzte. Udalerrietan hiru astera bitarteko egonaldiak egingo dituzte sortzaileek, eta bertatik ipuin luzeak, 15-20 orrialde bitarteko komiki lanak, 10-20 minutu arteko film laburrak eta antzezlanak aterako dira.
Zikloaren bigarren urtean, hau da 2024an, kultur zirkuitua osatuko da sortutako lan guztiekin. Ipuinak eta komikiak bilduma banatan argitaratuko dituzte; film laburrekin muntaia orokorra egingo da, eta antzezlanak euren kabuz aurkeztuko dira herri horietan. Zirkuitua egonaldiak izandako udalerri guztietatik igaroko da.
Literaturaren alorrean, honako sortzaile hauek eta bakoitzaren egonaldietarako udalerri hauek hautatu dituzte: Edorta Jimenez Ormaetxea (Mutriku), Ainhoa Urien Telletxe (Lodosa, Sartaguda, Mendabia, Andosilla, Sesma), Idoia Etxeberria Elortza (Zaldibia, Ataun), Maddi Arocena Zubeldia (Ziortza-Bolibar), Jon Abril Olaetxea (Atharratze), Lutxo Egia del Río (Segura), Maitane Perez Argote (Errigoiti, Ajangiz, Muxika), Saioa Alkaiza Guallar (Berriatua), Maite Aizpurua Olaizola (Araitz, Betelu, Larraun), eta Gaizka Sarasola Iartzabal (Larrabetzu).
Antzerkian hauek izan dira aukeratuak: Goitibera konpainia (Hernani), Antzerki Aroak / Zinealdiak (Zumaia), eta Jon Ander Urresti Ugalde (Aulesti, Munitibar, Amoroto). Zinegintzan, berriz, honako hauek: Pette Etxebarria Busquets (Antzuola, Aiherra), Arriguri / Aitor Gametxo (Uharte), Alba Lozano Garcia (Oiartzun), eta Aitzol Saratxaga Saenz (Legutio).
Azkenik, komikigintzan, hauek parte hartuko dute: Iñaki Martiarena Mattin (Usurbil), Aritz Ibarra Agirrezabal (Sara, Urruña, Bera, Lesaka), Kote Camacho de Miguel (Bergara), Unai Gaztelumendi Arandia (Leitza, Berastegi), eta Eñaut Aiartzaguena Bravo (Amasa-Villabona).
